Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Artxiboa: Iraila 2007

Maskulinotasunaz nazioarteko biltzarra

jotairri 11/09/2007 @ 17:15

Aupa gizona!

Hasteko anaitasunezko besarkada goxoa. Gizonok, geure gizatasunaren zeharo jabe berriro izateko bidean berreskuratu behar dugun (edo, hobeto esanda, berreskuratzea komeni litzaigukeen) beste gauzatxo bat elkarrekiko afektibitatea eta goxotasuna diagu; izan ere, ez duk inola ere txarra ez ezeren "susmagarria" ere, maitasuna sentitu eta agertzea. Alderantziz, maitasuna sentitu eta agertzeak hobeto bizitzen lagunduko ziguk.

gizon_langile_aitaBerri bat ekarri diat gaurkoan: Emakumenderen atal Sare-k azarorako antolatu duen Nazioarteko Biltzarra, “Maskulinotasuna eta Eguneroko Bizitza” .

Egia esan ez nauk halako topaketa handien zaleegia. Iruditzen zaidak elite batzuentzat (tekniko, funtzionario, psikoteraupeta eta abarrekoentzat) daudela eginda, instituzionalegiak direla, gizonon (kasuon) benetako errealitatea urruti xamar daudela, aldaketa estrukturalak eragiteko baina mass-medietan agertzekoak,... (beste batean jardungo nauk sexismoaren aurkako gizon mugimendu sozial zabala eraikieraz ditudan ideiez-eta). Baina, bestetik, gizarte sexismoak gizonoi ere eragiten digun ideia hain da ezezaguna, zeren ia edozein ekimen den egun txalotzekoa. Hala eta guzti ere, bego garbi neuk beste zerbaitzuetan xahutuko nituzkeela horretan xahutzekoak diren baliabideak.

Edozelan ere,helbide honetan duk argibide gehiago ekimen honi buruz.

Hurrengora arte, gizon, eta ondo bizi, merezi duk-eta.

gizonok mina sentitzen al dugu?

jotairri 10/09/2007 @ 14:23

Aupa gizon hori!

Aurrekoan esan nian sexismoak zapalduta gaudela gizonok ere, gizonezko izateagatik berezko tratu txar sistematikoa hartzen diagu eta. Neure zenbait uste piskat gehiago azaldu nahi diat oraingo honetan, bizipen pertsonal pare baten laguntzaz.

Sexismoa pertsonei rolak, ezaugarriak, espektatibak, usteak, jokaguneak... beren sexuaren arabera ezartzean datzala uste diat, alegia, pertsonen artean, sexuaren arabera, funtsezko ezberdintasunak daudela sinets araztean. Horietako uste bat duk gizonok ez dugula sentitzen emakumezkoek bezainbeste, hau duk, sentigaitzagoak, gogorragoak garenegarrez1la. Gizonok ez dugula sentitu behar, ematen zigutek aditzera artez edo moldez; sentitzen badugu (sentitu egiten diagu eta!) ez diagu sentikizuna adierazi behar ("ez egin negar", "ez egin dar-dar",...); eta sentikuzinik adieraziko bagenu, trakets, makal egin behar, eta ahalik eta laburren, noski. Badakik zer ekarriko dian horri ez jarraitzeak, gainera: irrigarri utziko haute, umiliatuko, jipoituko, mesprezatuko, baztertuko,...(oraindik diat gogoan txikitan "benetako gizon" izateko ezarritako bidean ibiltzen ez ziren lagun batzuekin zelako jokaera zapaltzailea izan genuen lagunartean, zelango iseka, irain eta bazterketa ezarri genizkien. Ez diat neure burua, ez besteena ere, erruduntzen -horretarako lehenago prestatuak gintiztean hainbat moduz-, baina oraindik txarto sentitzen nauk horiek gogora ekartzean). Halako mezuak eta halako mehatxuak jaso ditiagu etengabe txiki-txikitatik inguruko gizonetatik, familiatik, lagunartetik, telebistatik, ipuinetatik,... nonahitik. Horrela, ereduetatik kopiatuz eta mehatxuez beldurtuz, barneratu eta geure egin ditiagu irizpideok, geure benetako izaera halakoxea dela sinisteraino ere (gizon bakoitzak bere inguruak ezarritako mailan, noski).

Irakurri gehiago »

Aupa gizona!

jotairri 07/09/2007 @ 17:07

eta ondo etorri sexismoa gizon baten ikuspegitik jorratuko duen gune honetara, gehiagotan egongo ahal gaituk.gizona_pentsati

Ez duk oso ikusia gizonezkoentzat soilik den gune bat, eta agian norbaitenzat deitoragarria ere izango duk, baina neuk uste behar-beharrezkoa dela. Zergatik? bada, beti neure iritzian, egun, sexismoaz eta honen inguruko guztiaz geure gizartean zabalduen dagoen ikusmoldea partziala, ez-osoa delako; gizonon bizipen, iritzi eta ekarpena falta delako. Eta falta honek, hain zuzen, mantsotu egiten gaitik sexismorik gabeko gizartera bidean.

Neure jardunak ideia nagusi batean du oinarri: sexismoak gizonezkoak ere zapaltzen gaitik. Ideia nagusi honetaz ez diat zuritu edo ezkutatu nahi emakumezkoek pairatzen duten zapalkuntza, ezta zapalkuntza honetan gizonok jokatu ohi dugun zapaltzaile-rola. Alderantziz, banagok bi egia horiek aitortu eta desagerrarazi beharra ditugula, zeren geronek pairaturiko zapalkuntza ulertzen eta haretik askatzen lagunduko baitigu, batetik; eta erabat egiazkoak direlako, bestetik. Izan ere, banagok inork beste inor zapaltzeko, horretarako prestatua (aurretiaz zapaldua) izan behar duela; eta, gizonon kasuan, uste diat zantzu anitz dagoela esandakoa baiesten dutenak. Txiki-txikitatik, gizon izateko eredu (hertsi) bat ematen ziguk gizarte sexistak bide askotatik, eta garbi erakutsi gaitzespena eta bortxa jasango dugula ez badugu geure egiten gizona izateko delako eredu hori. Matxistak egiten gaitiztek. Eta gehienetan, gutxi ala askotan, geuk horrelaxe jokatu.

Irakurri gehiago »