Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Artxiboa: Azaroa 2009

emakumeenganako indarkeria akabatzen, BOGA!

jotairri 22/11/2009 @ 13:29

boga

Aupa gizona!

Azaroaren 25a atarian diagu aurton ere eta, urtero lez, emakumeenganako indarkeriaren aurka hamaika ekitaldi izango diagu Euskal Herrian.

Gizonok ere geure apurra ekarri nahi izan diagu eta, GIZON SAREAk proposatuta, ekintza bateratua egingo diagu hainbat tokitan.

Proposamena izan duk plaza batean bizikleta batzuk ipini eta gizonezkoak gonbidatzea bueltatxoren bat egin dezaten emakumeenganako indarkeriaren aurka, "indarkeria irauli" lelopean.

Hiriburuetan egitea izan duk proposamena, hots, Donostia, Gasteiz eta BIlbon (Iruñean gizon talderik ez ei zagok), ekintza zentralizatzearren uste dudanez. Beraz, GIZON EKIMENAkooi (GE) Bilbon zegokiguan. Baina geure elkartean tokian-tokiko jarduera lehenesten diagu, eta Santurtzin egitea erabaki diagu.

Proposaturiko ekintzari ez zeritzoguan guztiz egoki, helburua ahalik eta jende gehienak parte hartzea izanik ez zitzaigulako iruditzen bizikletaz ibiltzeak horretarako bidea zenik. Gainera, bizikletak ez dik harreman handirik geure inguruarekin. Hartara, GIZON EKIMENAk erabaki dik emakumeenganako indarkeriaren aurka gizonak deitzea arraun mota bitxia egitera, eta horretarako Santurtziko Gernika parkean sei ergometro (arraun egiteko makinak) paratuko ditiagu azaroaren 29an, eguerdiko 12'30etatik 14'30etara. Ekimenari BOGA! izena eman zioagu.

Asteotan, GEkook geure inguruko gizarte-eragileei eta gizon ezagunei ekintza honetara parte hartzeko gonbitea eman zieagu. Erantzuna oso ona izan duk orain arte. Bai elkarte, alderdi politiko, lan-kolektibo, herri agintari eta gizon banakoengandik engaiamendu handia lortu diagu, eta pozik gaudek. Udalaren aldetik ere oso laguntza handia izan diagu (nahiz eta Berdintasunerako arko zinegotziak ekimenaren berri prentsari eman izanak dexente goibeldu gaituen, egia esan). Beraz, uste diagu ekitaldi polita izango dugula, eta gizarte nahiz gizon gehientsuen konpromisoaren isla emakumeenganako indarkeriaren aurka.

Esan beharrik ere ez zagok heu eta hire inguruko gizon guztiak gonbidatuak zaretela etorri eta parte hartzeko, eta goxo-goxo hartuko zaituztegula. Xedeak merezi dik, noski.

Bueno, ba hauxe duk dana oraingoz, gizona. Hartzak besarkada goxoa neure aldetik eta, badakik, ondo bizi, merezi duk eta.

bi dokumental eta artikulu bat

jotairri 11/11/2009 @ 10:49

Aupa gizona!

Bi dokumentalen berri izan diat azken egunotan interneten, biak ala biak interesgarri askoak, biaka ala biak Hego Amerikan sortuak.

Batak "Amazonas: Mujeres Indomables" dik izena, eta emakumezkoen aurkako indarkeria jorratzen diik. Indarkeria handia hauhitzetan ezkutatzen saiatzea salatzen dik, baita estatuak borroka honetaz jabetu izana, gaia despolitizatzearren (bere esanahi jatorrizkoan, ez alderdikoian). Oso interesgarria iruditu zaidak dokumentala,  bere berbetan ,"moztu", "josi" eta "brodatu" duen María Galindori BERRIAk eginiko elkarrizketan azaldutakoa, polemika pizteko balio badezake ere. Titularra hagitz deigarria duk:

"Hemengo feministak martxoaren 8ko talde narkotizatuak bihurtu dira".

Beste arlo bat jorratu baina ildo bertsua topatu zioat Maria del Prado Esteban Diezmak idatzitako "La Feminización del Estado: la Mujer en el Ejercito".

Denetarako iritziak egongo dituk, feminismo mota asko dauden lez, baina bat natorrek zentzu batean beraiekin, alegia: estatu feminismoa salatu behar diagu eta; berdintasunaren aldeko eta sexismoaren aurkako borrokan gauza asko kritikoki berpentsatu behar ditiagu.

Azkenik, beste dokumental bat, Argentinan egindakoa,"Padres de la Plaza. Diez recorridos Posibles" izenekoa. Honetan, Argentinako diktadurak seme-alabak desagerrarazi zizkien aita batzuei hitza eman diete, beren bizipenak azal zitzaten.

Hunkigarria iruditu zaidak gizon hauek beren mina agertu ahal izatea hainbeste urtetan gordean eramanda. Hunkigarria euren begirada, euren ahotsa, euren maitasuna... Hunkigarria, horietako aita baten aitortza: "Esaten zidaten iraultzaileok ez dugula sentimentalistak izan behar. Baina geuzrra zen. Negarra berezkoa dugu, barrua askatzea da. Eta horregatik, askotan, negar piloa egiten dut".

Hartzak besarkada handia, gizona. Eta ondo bizi, merezi duk eta.