Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Kategoria: gizon askapena

bi dokumental eta artikulu bat

jotairri 11/11/2009 @ 10:49

Aupa gizona!

Bi dokumentalen berri izan diat azken egunotan interneten, biak ala biak interesgarri askoak, biaka ala biak Hego Amerikan sortuak.

Batak "Amazonas: Mujeres Indomables" dik izena, eta emakumezkoen aurkako indarkeria jorratzen diik. Indarkeria handia hauhitzetan ezkutatzen saiatzea salatzen dik, baita estatuak borroka honetaz jabetu izana, gaia despolitizatzearren (bere esanahi jatorrizkoan, ez alderdikoian). Oso interesgarria iruditu zaidak dokumentala,  bere berbetan ,"moztu", "josi" eta "brodatu" duen María Galindori BERRIAk eginiko elkarrizketan azaldutakoa, polemika pizteko balio badezake ere. Titularra hagitz deigarria duk:

"Hemengo feministak martxoaren 8ko talde narkotizatuak bihurtu dira".

Beste arlo bat jorratu baina ildo bertsua topatu zioat Maria del Prado Esteban Diezmak idatzitako "La Feminización del Estado: la Mujer en el Ejercito".

Denetarako iritziak egongo dituk, feminismo mota asko dauden lez, baina bat natorrek zentzu batean beraiekin, alegia: estatu feminismoa salatu behar diagu eta; berdintasunaren aldeko eta sexismoaren aurkako borrokan gauza asko kritikoki berpentsatu behar ditiagu.

Azkenik, beste dokumental bat, Argentinan egindakoa,"Padres de la Plaza. Diez recorridos Posibles" izenekoa. Honetan, Argentinako diktadurak seme-alabak desagerrarazi zizkien aita batzuei hitza eman diete, beren bizipenak azal zitzaten.

Hunkigarria iruditu zaidak gizon hauek beren mina agertu ahal izatea hainbeste urtetan gordean eramanda. Hunkigarria euren begirada, euren ahotsa, euren maitasuna... Hunkigarria, horietako aita baten aitortza: "Esaten zidaten iraultzaileok ez dugula sentimentalistak izan behar. Baina geuzrra zen. Negarra berezkoa dugu, barrua askatzea da. Eta horregatik, askotan, negar piloa egiten dut".

Hartzak besarkada handia, gizona. Eta ondo bizi, merezi duk eta.

Banauk, eta izango

jotairri 22/09/2009 @ 19:11

Aupa gizona, aspaldiko!

badituk hilabete batzuk berton hitzik ere idatzi barik. Egia esan, dudatan ibili nauk, eta banabilek, blog honek merezi ote duen, zeozertarako balio duen, eta ez ote den ahaleginak biderkatzea, kontuan izanda beste blog batzuetan neure iritzia eman dezkedala, esaterako Gizon Ekimenarenean edo Gizon Sarean. Baina nahi nian gizontasunaz eta sexismoaz gizonezko baten ikuspegitik arituko zen blog euskalduna, euskarazkoa, izaterik; gainontzeko gehienetan euskararik batere edo diglosia zoritxarrekoan agertzen baita delako ikuspegia. Eta hona hemen nahikaria egiazko bihurtuta, nahiz eta jakin ez noraino heltzen den honen eragina, inora heltzen bada. Horrexegatik erabaki diat jarraipena emango diodala, ahal dudan neurrian behintzat, eta gutxienez niri on egiten didan artean.

Irakurri gehiago »

GIZON EKIMENAren aurkezpena jendaurrean

jotairri 19/01/2009 @ 16:07

Aupa gizon hori,

Azkenean Santurtziko gizon taldekook erabaki diagu Berdintasunaren aldeko eta Sexismoaren aurkako GIZON EKIMENA Santurtziko gizarte eragileen eta gizartearen aurrean aurkeztu egingo dugula. Noski, hau irakurtzen ari haizen hori ere gonbidatuta hago

Ekitaldia labur eta xumea izango duk, harreman on eta elkarrentzako onuragarri baten lehenengo urratsa. Bertan, geure ekimen hau nondik datorren, zelako ezaugarriak dituen eta zeintzuk diren geure asmoak azalduko diagu labur. Bestetik, etorriko direnek ere parada izango ditek galderak, ekarpenak,... egiteko.Aurkezpena, hilaren 21ean, asteazkenarekin, Santurtziko KRESALA aretoan (Barandiaran 12), arratsaldeko 7'30etan izango da. Gonbidapen hau gaiaz interesa izan dezakeen hire lagunentzat ere baduk, noski.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, hartzak besarkada eztia eta laster arte.

Bagabiltzak

jotairri 18/11/2008 @ 11:13

Aupa gizon hori!

Urrian, Docca David emakume santurtziarraren erailketaren haritik hasiera eman genion gizon ekimenak segida izan zian hilaren 8an, Santurtzin egin genuen biltzarrean.gizon_taldea

Biltzarra arrakastatsua, gainera, nire ustetan. Hamar gizon bildu gintuan, eta beste bost gehiago, etortzekoak izanik ere, ezin izan zituan.  Gainera, aurrekoan bezalaxe, adin, lanbide, pentsakera, ideologia... askotarikoak. Benetan uste diat ez dela euli kaka hala gertatzea. Geure herri hiperpolarizatu honetan halako argazkirik gutxitan ikusten zezakeagu, tamalez. Banagok, ahoberokeriarik gabe dinoat, askotarikotasun hau kudeatazen ikasten badugu (eta, uste diat, ikasi ikasiko dugula), kristorena izango dela, gizon mugimenduarentzat ezeze Euskal Herria osoarentzat ere.

Irakurri gehiago »

gizon biltzarra larunbatean

jotairri 05/11/2008 @ 12:33

Aupa gizona!

Urriaren 11n GIZON EKIMENA antolatu genian Santurtziko norbanako batzuek, Doca David gure herrikidea bere senarrak erail zuela kausa. Egun horretan, BILTZARRA egin genian indarkeria matxistaren inguruan eta KALEAN AGERTU ginen adierazteko geure aldarria bai indarkeria matxistaren eta sexismoaren aurka, bai berdintasunaren alde ere.

Egun horretako biltzarrean erabaki genian biltzen jarraitzea, jakin badakigulako, sexismoa ezabatu eta parekidetasunezko gizartea eraikitzeko, gizon ekimen jarraia behar-beharrezkoa dela.

Ildo horretan, hilaren 8an, larunbatean, berriro bilduko gaituk, arratsaldeko 4'30etatik 7etara, jarraitzeko hausnartzen gure ekarria gizarte-eginkizun eder honetan zein eta zelan egingo dugun. Biltzarra Santurtziko Udal Euskaltegian (Barandiaran 12) egingo diagu.

Gizon guztiok gonbidatuta zaudete, eta goxo-goxo hartuko zaituztegu.
Merezi du, merezi duk. Etorri!

Gizonok balio gutxiagokotzat hartuta

jotairri 07/03/2008 @ 08:12

Aupa gizona!

Gaurkoan irakurri berri diat hemen nahiz eta egunero-egunero eta hainbat eratan irakurri dezakegun. Sarraski berria gertatu duk Iraken: 55 hildako eta 130 zauritu, haien artean "emakumezkoak eta haurrak".

"Emakumezko eta haurrak" nabarmentze horrek argi islatzen dik gizarte sexista honetan hain zabaldua den ustea, hain zabaldua ezen erreperatu ere egiten ez diogun ia. Hau duk, emakumezkoak eta haurrak hiltzea, edo zauritzea, edo sofritzea, edo..., larriagoa, penagarriagoa, deitoragarriagoa dela gizkonezkooi halakorik gertatzea baino. Honen adibide ugari aurki dezakegu nonahi, "emakumezkoak eta haurrak lehenen" naufragioetako hura, edo lanpostu hilgarrienak gizonok hartzea, esaterako.

Gizarte sexismo honek beste hainbat zapalkuntzarekin duen aldeetako bat duk hau. Esaterako, aberatsei, oro har, ez litzaieke bururatuko beren bizia sakrifikatu haien jende xehea bizi ahal dadin; ezta zuri arrazistei ere beltzak salba daitezen; alegia, zapaltzaile rola jokatzen duten taldekideek ez ditek euren burua sakrifikatzen zapaldu rola esleitu zaienen alde. Gizonok, ordea, ikasi egin diagu txiki-txikitatik gizontasunaren alde bat dela gutarren (gehientsuenetan, haur eta emakumeen) alde sakrifikatu beharra dugula, horixe dela gizon egokia izateko betebeharreko bat.

Jakina, horren azpian beste balore batzuk bazaudek, eta nolabaiteko nagusikeria ere susmatzen diat tartean,  paternalismoaren oinarrian susmatzen dudan berbera (gizonok "gogorragoak" garela emakumezkoak eta haurrak baino eta, gainera, hori "ona" dela). Hala eta guztiz ere, horrek ez dik ukatzen edo gutxitzen hain zabalduta dagoen ideia honek, gizonok balio gutxiagokoak garela nonbait, min egiten digula. Beraz, gizarte ez sexista eta parekidetasunezkoa eraiki bidean, baztertu eta ezabatu behar dugun ideia duk.

Hartzak besarkada handia eta laster arte!

Gizon Biltzarra Santurtzin

jotairri 26/11/2007 @ 21:57

Aupa gizon hori!

Bada, bai. Atzo gizon bilera egin genian Santurtzin. Lehendabiziko bilera.

Zortzi gizon elkartu gintuan eta, egitarauak zioen lez, sexismoaz, matxismoaz, indarkeriaz eta hauek amaiarazteko egin ahal/nahi dugunaz jardun genian. Giro ederrean gainera. Zoragarria!!

Hasi gintuan nork bere burua aurkezten, noski: nor ginen, zerk erakarri gintuen bilerara eta egun horretan izandako atsegingarriren bat aipatzen. Gero, berotzen hasteko, ariketatxo bat: nork bere sozializazioan izan duen gizontasun eredua deskribatzea hitz edo esaldi batez, eta gero hitz edo esaldi hori azaltzea. Polita izan zuan nork bere ñabardurak agertzea barneraturiko gizontasun moldeaz, baita ere, ñabardura horien azpian gizontasun eredu oso eta nahikoa komuna agertzen zela, lehiari, gogorra eta indartsua izateari, autoritateareari, denaren ardura hartzeari,... lotuta

Hortik, sexismoaz, matxismoaz, nork bere bizipenetan oinarriturik egindako gogoetak elkarri azaltzera pasa gintuan. Nabarmena izan zuan oso denon zintzotasuna sexismoak ekarri dizkigun batzuk plazaratzean, bizi izandakoak agertzean, oraindik ditugun zailtasunak aitortzean. Oso hunkigarria izan zuan, niretzat behintzat, "maitasuna" bezalako hitz gizon ezpainetan oso ez-ohikoak entzutea, bi gizonek haien artean gertaturiko jazoera bat gogora ekarri eta elkarrez berba apainak, sentimenduz beteak, bihotzetik jalgiak aditzea,... Eta dibertigarria oso, txantxak, txisteak, pasadizo kontakizunak,...

Indarkeriaz ere aritu gintuan gero. Bizi, ikusi, pairatu izan ditugun batzuk; izan ditugun erreferenteak eta ereduak; sistema kapitalistaren indarkeriaren erabilpena eta gorespen etengabea,... Biktimismorik gabe, baina direnak aitorturik.

Irtenbideez ere jardun genian. Ez genian irtenbide magikorik aurkitu, noski. Epe ertain-luzeko bideak, kapitalismoa desagertarazi beharra, hezkuntzaren garrantzia, gizonentzako bestelako eredu gizatiarragoak aurkeztea, gizonekin lan egitea, salaketaren eta inpunitatea amaitu beharrak... Laburtxoa ere aritu gintuan kasu konkretoetan berehala parte hartzeari buruz, horrek dakartzan arriskuez eta onurez,... baina erlojuak bilerari jarritako amai epea pasatua zela abisatzen zebilean ordurako.

Azkenerako, biltzen jarraituko genuela, luzeago berba egingo genuela,... eta agur goxoa, bileran atsegin izandako zerbait azalduta.

Benetan merezi izan dik. Hurrengoan gehiago eta hobeto, ahal diagu-eta.

Besarkada eta laster arte.

 

Aupa gizona!

jotairri 07/09/2007 @ 17:07

eta ondo etorri sexismoa gizon baten ikuspegitik jorratuko duen gune honetara, gehiagotan egongo ahal gaituk.gizona_pentsati

Ez duk oso ikusia gizonezkoentzat soilik den gune bat, eta agian norbaitenzat deitoragarria ere izango duk, baina neuk uste behar-beharrezkoa dela. Zergatik? bada, beti neure iritzian, egun, sexismoaz eta honen inguruko guztiaz geure gizartean zabalduen dagoen ikusmoldea partziala, ez-osoa delako; gizonon bizipen, iritzi eta ekarpena falta delako. Eta falta honek, hain zuzen, mantsotu egiten gaitik sexismorik gabeko gizartera bidean.

Neure jardunak ideia nagusi batean du oinarri: sexismoak gizonezkoak ere zapaltzen gaitik. Ideia nagusi honetaz ez diat zuritu edo ezkutatu nahi emakumezkoek pairatzen duten zapalkuntza, ezta zapalkuntza honetan gizonok jokatu ohi dugun zapaltzaile-rola. Alderantziz, banagok bi egia horiek aitortu eta desagerrarazi beharra ditugula, zeren geronek pairaturiko zapalkuntza ulertzen eta haretik askatzen lagunduko baitigu, batetik; eta erabat egiazkoak direlako, bestetik. Izan ere, banagok inork beste inor zapaltzeko, horretarako prestatua (aurretiaz zapaldua) izan behar duela; eta, gizonon kasuan, uste diat zantzu anitz dagoela esandakoa baiesten dutenak. Txiki-txikitatik, gizon izateko eredu (hertsi) bat ematen ziguk gizarte sexistak bide askotatik, eta garbi erakutsi gaitzespena eta bortxa jasango dugula ez badugu geure egiten gizona izateko delako eredu hori. Matxistak egiten gaitiztek. Eta gehienetan, gutxi ala askotan, geuk horrelaxe jokatu.

Irakurri gehiago »