Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Kategoria: indarkeria

Izaskun bere senarrak eraila

jotairri 25/03/2009 @ 17:28

Aupa gizon hori!

kandelak

Beste erailketa matxista bat izan diagu geure herrian. Gernikan oraingoan.

Nire elkartasuna eta goxotasuna emakume guzti-guztiei , eta bereki Izaskun Jimenezen hurkoei.

Ez duk une goxoa inorentzat. Emakumeak amorruaz, nazkaz, beldurrez,... barruan borborka izango direla uste diat, eta normala litzatekek. Neu behintzat tristura, nahigabea, lotsa... Ez duk erraza halako une batean gizon izateaz harro egotea. Eta hala ere, harro behar diagu gizonen izatezko ontasunez, gizaki guztien onerako. Niretzat lagungarria duk gogoan izatea askoz ere gehiago direla gizonezkoon eguneroko ekintza eder, on eta gizabidezkoak txarkeria eta bidegabeak baino.

Irakurri gehiago »

gizon biltzarra larunbatean

jotairri 05/11/2008 @ 12:33

Aupa gizona!

Urriaren 11n GIZON EKIMENA antolatu genian Santurtziko norbanako batzuek, Doca David gure herrikidea bere senarrak erail zuela kausa. Egun horretan, BILTZARRA egin genian indarkeria matxistaren inguruan eta KALEAN AGERTU ginen adierazteko geure aldarria bai indarkeria matxistaren eta sexismoaren aurka, bai berdintasunaren alde ere.

Egun horretako biltzarrean erabaki genian biltzen jarraitzea, jakin badakigulako, sexismoa ezabatu eta parekidetasunezko gizartea eraikitzeko, gizon ekimen jarraia behar-beharrezkoa dela.

Ildo horretan, hilaren 8an, larunbatean, berriro bilduko gaituk, arratsaldeko 4'30etatik 7etara, jarraitzeko hausnartzen gure ekarria gizarte-eginkizun eder honetan zein eta zelan egingo dugun. Biltzarra Santurtziko Udal Euskaltegian (Barandiaran 12) egingo diagu.

Gizon guztiok gonbidatuta zaudete, eta goxo-goxo hartuko zaituztegu.
Merezi du, merezi duk. Etorri!

Docca David senarrak eraila Santurtzin

jotairri 08/10/2008 @ 22:07

Gizon hori,

Docca David emakume gaztea erail dik senarrak lazo_beltza.jpggeure herrian, jakingo duanez. Izugarria duk. Beste erailketa matxista bat gehiago. Bostgarrena aurten Euskal Herrian.

Horrelakoetan bihotza txikitzen zaiguk, eraildakoa eta bere familia gogoan; geure beroa eta elkartasuna helarazi nahi zioagu.

Bestetik, erailtzailea edo tratu txarrak eman dituen gizona jomugan jartzen diagu amorru biziz gizonok ere, haren errua eta arazoa delakoan.

Irakurri gehiago »

baztertzea ez da bidea

jotairri 29/01/2008 @ 10:34

Aupa gizona!

Aurreko asteko XIRIKAn (GARA egunkariak gazte jendearentzat asteazkenetan ekartzen duen gehigarria) irakurri nitian Bilgune Feministako kide baten adierazpenak pasa den astean Iruñean bikotekideak eraildako emakumearen haritik. Funtsean, esan zian emakumeen aurkazigorrako biolentzia ez dela soilik etorkinen multzoan gertatzen den zerbait, klase guztietan eta adin guztietakoa baizik; erakundeek egiten dutena ere salatu zian, erasoa gertatu ostean ekiten dutela gehienetan, baina prebentziorako mekanismoak lehenetsi behar zirela, hezkuntzakoak batik bat; eta gizarte kontu bat dela, eta ez norbanako batzuena, beraz, gizarteak engaiatu behar duela arazo honetan, eta horrek esan nahi dik gizarteak "erasotzaileak" baztertu behar dituela. Bilgune Feministako kideak esandako gehien-gehienarekin bat natorrek; bazterketarekin ezin, ordea.

Irakurri gehiago »

Gizon Biltzarra Santurtzin

jotairri 26/11/2007 @ 21:57

Aupa gizon hori!

Bada, bai. Atzo gizon bilera egin genian Santurtzin. Lehendabiziko bilera.

Zortzi gizon elkartu gintuan eta, egitarauak zioen lez, sexismoaz, matxismoaz, indarkeriaz eta hauek amaiarazteko egin ahal/nahi dugunaz jardun genian. Giro ederrean gainera. Zoragarria!!

Hasi gintuan nork bere burua aurkezten, noski: nor ginen, zerk erakarri gintuen bilerara eta egun horretan izandako atsegingarriren bat aipatzen. Gero, berotzen hasteko, ariketatxo bat: nork bere sozializazioan izan duen gizontasun eredua deskribatzea hitz edo esaldi batez, eta gero hitz edo esaldi hori azaltzea. Polita izan zuan nork bere ñabardurak agertzea barneraturiko gizontasun moldeaz, baita ere, ñabardura horien azpian gizontasun eredu oso eta nahikoa komuna agertzen zela, lehiari, gogorra eta indartsua izateari, autoritateareari, denaren ardura hartzeari,... lotuta

Hortik, sexismoaz, matxismoaz, nork bere bizipenetan oinarriturik egindako gogoetak elkarri azaltzera pasa gintuan. Nabarmena izan zuan oso denon zintzotasuna sexismoak ekarri dizkigun batzuk plazaratzean, bizi izandakoak agertzean, oraindik ditugun zailtasunak aitortzean. Oso hunkigarria izan zuan, niretzat behintzat, "maitasuna" bezalako hitz gizon ezpainetan oso ez-ohikoak entzutea, bi gizonek haien artean gertaturiko jazoera bat gogora ekarri eta elkarrez berba apainak, sentimenduz beteak, bihotzetik jalgiak aditzea,... Eta dibertigarria oso, txantxak, txisteak, pasadizo kontakizunak,...

Indarkeriaz ere aritu gintuan gero. Bizi, ikusi, pairatu izan ditugun batzuk; izan ditugun erreferenteak eta ereduak; sistema kapitalistaren indarkeriaren erabilpena eta gorespen etengabea,... Biktimismorik gabe, baina direnak aitorturik.

Irtenbideez ere jardun genian. Ez genian irtenbide magikorik aurkitu, noski. Epe ertain-luzeko bideak, kapitalismoa desagertarazi beharra, hezkuntzaren garrantzia, gizonentzako bestelako eredu gizatiarragoak aurkeztea, gizonekin lan egitea, salaketaren eta inpunitatea amaitu beharrak... Laburtxoa ere aritu gintuan kasu konkretoetan berehala parte hartzeari buruz, horrek dakartzan arriskuez eta onurez,... baina erlojuak bilerari jarritako amai epea pasatua zela abisatzen zebilean ordurako.

Azkenerako, biltzen jarraituko genuela, luzeago berba egingo genuela,... eta agur goxoa, bileran atsegin izandako zerbait azalduta.

Benetan merezi izan dik. Hurrengoan gehiago eta hobeto, ahal diagu-eta.

Besarkada eta laster arte.

 

Indarkeria matxistaren aurka

jotairri 22/11/2007 @ 13:38

indarkeria_matxistaAupa gizon hori!

Azken boladan bloga dexente utzia izan diat. Lanpetuta ibili nauk eta ezin eskaini denborarik honi. Ea aurrerantzean ez den holan gertatzen.

Azaroaren 25ean Emakumeekiko Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango diagu. Badakigunez, emakumeek pairatzen duten bortizkeria matxista geure gizarte sexistaren ondoriorik kaltegarrienetakoa da. Izan ere, eraildako emakumeen kasua jarduera lazgarri honen ondoren ikusgarriena bada ere, egunero-egunero, ageriago edo gordeago, etengabe gertatzen duk erasokeria hau.

Jakina ere baduk gizonak izaten garela bortxakeria etengabe honen eragileak, gizarte sexistak esleituriko rol zapaltzaileak geure eginik. Egia izanik ere gizon guztiok ez dugula erabiltzen bortizkeria matxista neurri berean eta gehienok ez garela heltzen bortizkeria fisiko gordinera, egia ukaezina ere baduk gizon guztiok zer ikusirik dugula afera honetan. Den-denok sartua diagu-eta matxismoa muinetaraino. Den-denon gaituk-eta indarkeria matxistaren birusak zelan edo halan kutsaturik. Den-denok diagu zer eginik.

Gizonon ardura ere baduk, beraz, emakumeek jasaten duten bidegabekeriari amaiera ematen parte hartzea. Gizonok sexismoa, genero-desberdinkeria nahiz bazterkeria, matxismoa akabatze lanean emakumeen aliatu zuzen eta zintzoak izan behar dugu. Aliatu izate honek, zintzoa izango bada, ez dik paternalismo kutsurik izango, noski. Gizonok ez diagu ordezkatuko emakumeen eginkizuna borroka honetan; ez zieagu eurei dagokien lana “andra koitaduei” egingo, inola ere ez. Emakumeek garbi eta aspaldi erakutsia ditek gauza direla oso beren bizitza, beren askapena euren esku hartzeko. Gizonok geure lana diagu: barneraturiko matxismoa guztiz garbitzea nork bere baitatik, eta jarrera nahiz jokaera sexista oro (norberarenari edo-eta besterenari) geldiaraztea, emakumeak apoiatzearekin batera.

Parekidetasunaren aldeko eta sexismoaren aurkako borroka honek onura besterik ez ziguk ekarriko gizonoi. Alde batetik, sexismorik gabeko gizarte parekidean, ezarri diguten maskulinitate eredu bakar, hertsi eta zapaltzailea behingoz bazter utzirik, geure benetako izanarekin, geure gizatasun osoarekin lotu ahalko gaituk berriro; bestetik, emakumeekin (baita umeekin eta gainontzeko gizon guztiekin ere) harreman sano, eta denontzat aberasgarriak eraiki ahalko ditiagu. Inolako zapalketarik gabeko gizarte kidetasunezkorantz urrats erabakigarria izango duk.

Bide honetan, urrats polita egingo diagu hilaren 25ean Santurtzin. Han, goizeko 11'30etan, udal euskaltegian gizon bilkura egingo diagu, matxismoaz, gizontasun ez-zapaltzaileaz, indarkeria matxistaz eta honekiko geure eginkizunaz gogoeta egiteko, anaitasunean. Guztiz ondo hartuko haugu gizona, hator!