Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Aita onak gara

Aupa gizona!

Bazagok webgune bat gurasoentzako egina eta oso ona iruditu zaidana ezagutu nuenetik. Guraso.com dik izena eta oso mamitsua duk, informazio piloa, anitza eta arlo askotakoa eskaintzen ziek gurasoei. Gomendagarria duk oso, bai guraso direnentzat bai izateko bidean direnentzat, aukera horretaz pentsatzen ari direnentzat eta, orohar, gai horrek erakartzen duen edonorentzat.

Orain hilabete batzuk, webgunekoek proposatu zidatean noizbehinkako kolaborazioa egitea aitatasunari buruz, eta poz-pozik onartu nian noski.

Lehenengo idazkiak "aitak ere bagara izan" izan zian izenburua. Asteon, nire bigarren idazkia argitaratu ditek, "aita onak gara" izenekoa. Hemen klika dezakek irakurri nahi baduk.

Espero diat interesgarria izatea hiretzat. Edozelan ere, eta beti bezala, hiri iritziak eta ekarpenak ondo etorriko dituk.

Hartzak besarkada goxo eta handia, gizona. Eta ondo bizi, merezi duk-eta.

Gizonezkoak eta beren denborak

Aupa gizona!

Catalunyan egindako ikerketa bat iritsi berri zaidak:“Los hombres y sus tiempos: hegemonía, negociación y resistencia”, hango hiru unibertsitatetako ikerlari Paco Abril, Alfons Romero eta Vicent Borràsek Homes Igualitaris-Ahige Catalunya elkartearen laguntzaz egindakoa. Hogeita bost elkarrizketatan oinarritu dituk maskulinitatea aztertzeko denboraren erabilpenaren eta kudeaketaren arabera.

Ez diat irakurri oraindik, baina banagok interesgarria dela. Hortaz, behean daukak irakurgai.

Homes Temps Cast

Hartzak besarkada handia, gizon hori, eta ondo bizi! merezi duk-eta.

aita maitatiok

Aupa gizona!

Azken egunotan aitatasuna zaukaat buruan sarritan ohi baino sarriago, guraso.com webgunerako artikulutxo bat atontzen nabilek-eta. Eta halako bideo labur bat aurkitu diat heterodoxiaren webgunean. Politta, goxoa, hunkigarria iruditu zaidak. Eta gogorarazi zidak, beti dena gura genukeen bezain ondo egiten ez dugun arren, zenbat maitasun dugun aitok, zenbat maite ditugun geure seme-alabak, zein garrantzitsuak diren guretzat, eta den-dena emango genukeela haien alde.

Bereziki, zirrara sortu zidak ikusteak ume horren nahia ukipen fisikoa zela, maite zuen gizaki batekin kontaktuan egotea, ez zuela besterik behar. Halakoxeak ei gaituk gizakiok, baita gizonezkoak ere, askotan kontrakoa dirudigun eta sinetsi ere egiten dugun arren. Ukipena, maitasuna, harremana, konexia, gertutasuna,... horiek dituk benetako ongizatearen gako oinarrizkoetako batzuk.

Espero diat hiretzat ere kitzikagarria izana.

Hartzak besarkada handi-handia gizona, eta ondo bizi, merezi duk-eta

elkarrizketa bi

Aupa gizona!

GIZON EKIMENAk 2010-1-10 Santurtzin egindako "Gizonok KITTO! emakumeen aurkako indarkeriari" jardueraren haritik elkarrizketa egin zidatean Tas-Tas irratiko "mar de fueguitos" saioan eta Hamaika Telebistan.

Ondoan dituk.

Irakurri gehiago »

Zorionak eta Ohore, Maialen

Aupa gizona!

Gaur piskat berdinagoak gaituk. Maialen Lujanbio hernaniarra izan diagu lehenengo emakumezkoa Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian txapela jantzi duena. Bejondeiola!

batzuetan patetikoak ematen diagu

Aupa gizona!

Bai halaxe duk, batzuetan matxismoagatik patetiko agertzen gaituk, eta irrigarri. Ondo zagok "mozorro" horri barre egitea, beti ere kontuan izanda horixe dela, mozorro antzeko zerbait, antzeslan bat eta geu antzesle. Bai, antzesle izaten gaituk egunero, nahiz eta batzuk hainbeste sartu "paperean" ezen guztiz sinisten duten benetakoa dela antzerkia, eta batzuetan benetako drama bilaka arazi.

Gaur, patetismo horren isla garbia iruditu zaidan Javier Krahe espainiar kantari apartaren bideo hau topatu diat interneten. On egin.

Edozelan ere, gizona, ez ahaztu ez dela gauza berea "azala" eta "mamia" . Patetikoak ematen diagu hainbatetan, baina guztizko gizakiak gaituk. Ez duk geure errua, baina bai geure ardura. Eutsi, ez etsi! Eta hartzak besarkada handia eta goxoa neure aldetik (patetismo apur batez bada ere), merezi duk-eta.

72.400

Aupa gizon hori!

Hainbeste metro egin genian iragan igandean Santurtzin BOGA! ekimenean parte hartu genuen gizonok. Bi orduz, arraun-ergometroetan aritu zituan taigabe bildutakoak. Arraza, adin, hizkuntza, nazio-atxikimendu, jatorri, klase soziala, pentsamolde, ideologia, erlijio... egunerokoan elkarrengandik bereizten gaituzten horiek ez zituan kapaz izan apurtzeko ezaugarri batek gizonak_boganlorturiko batasuna: emakumeenganako indarkeriaren aurkako gizon izatea.

Mota askota gizon batu gintuan: kirol elkarteetakoak, kultur elkarteetakoak, talde politikoetakoak, udal agintari eta langileak, etorkinak, gizon norbanakoak,... eta GIZON EKIMENAkook noski.

Hemen argazki batzuk dituk ikusgai.

Ekintza sinbolikoa zuan noski eta, bere sinbolikotasunean, balio gutxikoa oraingo egoera berehalaxe iraultzeko, baina oso baliotsua agerrarazteko errealitate bat: gizon gehienok emakumeenganako indarkeria behin betiko amaitzea nahi diagu, eta gero eta gehoago ikusten diagu geure ere badagokigula horretan engaiatzea. Egia duk ikusmolde ezberdinak daudela jarrera horretan, eta ez direla guztiak sexismoa akabatzeko posizio batetik abiatzen, baina baduk zerbait: bagabiltzala seinale, behintzat.

Larunbat honetan beste urrats txiki bat: Gizon Topaketa Ermuan, hango gizon talde Zipriztintzen-ek antolatuak. Han izango gaituk GIZON EKIMENAko batzuk, eta heu ere etor haiteke nahi baduk.

Besarkada handia gizona, eta ondo bizi, merezi duk-eta

emakumeenganako indarkeria akabatzen, BOGA!

boga

Aupa gizona!

Azaroaren 25a atarian diagu aurton ere eta, urtero lez, emakumeenganako indarkeriaren aurka hamaika ekitaldi izango diagu Euskal Herrian.

Gizonok ere geure apurra ekarri nahi izan diagu eta, GIZON SAREAk proposatuta, ekintza bateratua egingo diagu hainbat tokitan.

Proposamena izan duk plaza batean bizikleta batzuk ipini eta gizonezkoak gonbidatzea bueltatxoren bat egin dezaten emakumeenganako indarkeriaren aurka, "indarkeria irauli" lelopean.

Hiriburuetan egitea izan duk proposamena, hots, Donostia, Gasteiz eta BIlbon (Iruñean gizon talderik ez ei zagok), ekintza zentralizatzearren uste dudanez. Beraz, GIZON EKIMENAkooi (GE) Bilbon zegokiguan. Baina geure elkartean tokian-tokiko jarduera lehenesten diagu, eta Santurtzin egitea erabaki diagu.

Proposaturiko ekintzari ez zeritzoguan guztiz egoki, helburua ahalik eta jende gehienak parte hartzea izanik ez zitzaigulako iruditzen bizikletaz ibiltzeak horretarako bidea zenik. Gainera, bizikletak ez dik harreman handirik geure inguruarekin. Hartara, GIZON EKIMENAk erabaki dik emakumeenganako indarkeriaren aurka gizonak deitzea arraun mota bitxia egitera, eta horretarako Santurtziko Gernika parkean sei ergometro (arraun egiteko makinak) paratuko ditiagu azaroaren 29an, eguerdiko 12'30etatik 14'30etara. Ekimenari BOGA! izena eman zioagu.

Asteotan, GEkook geure inguruko gizarte-eragileei eta gizon ezagunei ekintza honetara parte hartzeko gonbitea eman zieagu. Erantzuna oso ona izan duk orain arte. Bai elkarte, alderdi politiko, lan-kolektibo, herri agintari eta gizon banakoengandik engaiamendu handia lortu diagu, eta pozik gaudek. Udalaren aldetik ere oso laguntza handia izan diagu (nahiz eta Berdintasunerako arko zinegotziak ekimenaren berri prentsari eman izanak dexente goibeldu gaituen, egia esan). Beraz, uste diagu ekitaldi polita izango dugula, eta gizarte nahiz gizon gehientsuen konpromisoaren isla emakumeenganako indarkeriaren aurka.

Esan beharrik ere ez zagok heu eta hire inguruko gizon guztiak gonbidatuak zaretela etorri eta parte hartzeko, eta goxo-goxo hartuko zaituztegula. Xedeak merezi dik, noski.

Bueno, ba hauxe duk dana oraingoz, gizona. Hartzak besarkada goxoa neure aldetik eta, badakik, ondo bizi, merezi duk eta.

bi dokumental eta artikulu bat

Aupa gizona!

Bi dokumentalen berri izan diat azken egunotan interneten, biak ala biak interesgarri askoak, biaka ala biak Hego Amerikan sortuak.

Batak "Amazonas: Mujeres Indomables" dik izena, eta emakumezkoen aurkako indarkeria jorratzen diik. Indarkeria handia hauhitzetan ezkutatzen saiatzea salatzen dik, baita estatuak borroka honetaz jabetu izana, gaia despolitizatzearren (bere esanahi jatorrizkoan, ez alderdikoian). Oso interesgarria iruditu zaidak dokumentala,  bere berbetan ,"moztu", "josi" eta "brodatu" duen María Galindori BERRIAk eginiko elkarrizketan azaldutakoa, polemika pizteko balio badezake ere. Titularra hagitz deigarria duk:

"Hemengo feministak martxoaren 8ko talde narkotizatuak bihurtu dira".

Beste arlo bat jorratu baina ildo bertsua topatu zioat Maria del Prado Esteban Diezmak idatzitako "La Feminización del Estado: la Mujer en el Ejercito".

Denetarako iritziak egongo dituk, feminismo mota asko dauden lez, baina bat natorrek zentzu batean beraiekin, alegia: estatu feminismoa salatu behar diagu eta; berdintasunaren aldeko eta sexismoaren aurkako borrokan gauza asko kritikoki berpentsatu behar ditiagu.

Azkenik, beste dokumental bat, Argentinan egindakoa,"Padres de la Plaza. Diez recorridos Posibles" izenekoa. Honetan, Argentinako diktadurak seme-alabak desagerrarazi zizkien aita batzuei hitza eman diete, beren bizipenak azal zitzaten.

Hunkigarria iruditu zaidak gizon hauek beren mina agertu ahal izatea hainbeste urtetan gordean eramanda. Hunkigarria euren begirada, euren ahotsa, euren maitasuna... Hunkigarria, horietako aita baten aitortza: "Esaten zidaten iraultzaileok ez dugula sentimentalistak izan behar. Baina geuzrra zen. Negarra berezkoa dugu, barrua askatzea da. Eta horregatik, askotan, negar piloa egiten dut".

Hartzak besarkada handia, gizona. Eta ondo bizi, merezi duk eta.

feminismoa instituzionalizatua ei

Aupa berriro gizona!

Horixe esan ei dik Lourdes Mendez UPVko katedradunak Donostian egiten ari diren feminismoari buruzko ikastaro batean, ARGIA.COM-en irakurri berri dudanez, Feminismoa instituzionalizatua dela.

Ez duk berria iritzi hau gainera, Bilgune Feministak ere egina dik aspaldi.

Oso interesgarria  iruditu zaidak Lourdesen gogoetak, eta zer pentsatu luzea ematen dik, edo eman beharko ligukek sexismaoren aurkako eta berdintasunaren aldeko gizonoi, behintzat. Izan ere, Euskal Herriko Berdintasunaren aldeko Gizon Mugimendua (EHBGM) estraineko urratsak egiten ari den honetan, EAEko erakundeei pega-pega eginda agertzen duk. Gizarte Mugimenduetan gutxi izango dituk kualtitatibo eta kuantitatiboki hain indar txikia eukinda, erakundeengandik halako tratamendua hartzen dutenk.

Honek alde onak izango ditik noski, baina arriskuak ere bai, eta biziak! Beste egun batean emango ditiat neure iritziak honen inguruan luzeago.

Edozelan ere EHBGMak badik beste gogoeta-gai gehiago agendan apuntatzeko.

Hurrengora arte, eta ondo izan gizona, merezi duk eta.