Aupa gizona!
eta ondo etorri sexismoa gizon baten ikuspegitik jorratuko duen gune honetara, gehiagotan egongo ahal gaituk.
Ez duk oso ikusia gizonezkoentzat soilik den gune bat, eta agian norbaitenzat deitoragarria ere izango duk, baina neuk uste behar-beharrezkoa dela. Zergatik? bada, beti neure iritzian, egun, sexismoaz eta honen inguruko guztiaz geure gizartean zabalduen dagoen ikusmoldea partziala, ez-osoa delako; gizonon bizipen, iritzi eta ekarpena falta delako. Eta falta honek, hain zuzen, mantsotu egiten gaitik sexismorik gabeko gizartera bidean.
Neure jardunak ideia nagusi batean du oinarri: sexismoak gizonezkoak ere zapaltzen gaitik. Ideia nagusi honetaz ez diat zuritu edo ezkutatu nahi emakumezkoek pairatzen duten zapalkuntza, ezta zapalkuntza honetan gizonok jokatu ohi dugun zapaltzaile-rola. Alderantziz, banagok bi egia horiek aitortu eta desagerrarazi beharra ditugula, zeren geronek pairaturiko zapalkuntza ulertzen eta haretik askatzen lagunduko baitigu, batetik; eta erabat egiazkoak direlako, bestetik. Izan ere, banagok inork beste inor zapaltzeko, horretarako prestatua (aurretiaz zapaldua) izan behar duela; eta, gizonon kasuan, uste diat zantzu anitz dagoela esandakoa baiesten dutenak. Txiki-txikitatik, gizon izateko eredu (hertsi) bat ematen ziguk gizarte sexistak bide askotatik, eta garbi erakutsi gaitzespena eta bortxa jasango dugula ez badugu geure egiten gizona izateko delako eredu hori. Matxistak egiten gaitiztek. Eta gehienetan, gutxi ala askotan, geuk horrelaxe jokatu.
Hortaz, gizon talde batzuetan susmatzen dudan "erruduntasuna" kaltegarria iruditzen zaidak; alde batetik, ez diolako laguntzen inori (ez gizon, ez emakumeri) sexismoaren benetako errealitateaz jabetzen, eta ondorioz, sexismoa betiko eta erabat akabatzeko borroka ez dik azkartzen, ez duk eraaginorra beraz; bestetik, ez delako bidezkoa, zeren eta gizonezkook zapaltzaile rola jokatzearen arrazoi bakarra baita geu ere lehenago mindu, zapaldu, horretarako prestatu izana. Ez gaituk zapaltzaileak izatez, inola ere ez. Beraz, geure jokabidearen eta berau aldatzearen erantzunkizuna bai, badagokigu gizonoi; jokabide horiengatik erruduntasunik, gaitzespenik, erasorik... batere ez. Ideiok jorratzen saiatuko nauk hurrengoetan.
Gero eta gizon gehiago ari gaituk ohartzen sexismoak egiten digun minaz, gero eta gehiagok zakiagu sexismoa akabatzea ez dela geuretzat pribilegio galera hutsa (nahiz eta egun ditugun pribilegio eta erosokeria hainbati uko egin beharko diegun), baizik eta irabaztea dela geuretzat: bizimodu hobea irabaztea, harreman hobeak norberarean buruarekin zein besteekin (emakumezkoekin, umeekin eta gainerako gizoneekin ere bai),... azken finean, geure gizatasunarekin berriro bat egin ahal izatea irabaztea dela.
Bidea malkartsua ere baduk noski. Hainbat pentsamolde, sineskera, jokaera oso errotuta zaudek geure baitan, eta horiek aldatzeak barruak harrotuko zizkiguk. Baina gainditu ahalko diagu elkarren laguntzaz.
"Elkarren laguntzaz" idatzi diat, bide hau ezingo dugula banaka jorratu. Gizonok elkartu beharra diagu, elkarri laguntza eman beharra zioagu. Sexismoak eragin dizkogun zauriak sendatu ahal ditiagu elkarrekin. Hortaz, ekimen hau, pertsonala izanik ere kolektibo izateko asmoa dik, euskal sexismoaren aurkako gizonezkoen mugimendu zabala izatekoa. Heu ere ezinbestekoa haiz bide honetan. Hirekin azkarrago ibili eta hobeto pasako diagu Laughing.
Honek bide emango ziguk emakumezkoen askapenaren aliatu bihurtzea, benetako aliatu.
Hurrengo arte, gizon hori. Ondo bizi merezi diagu eta.
Tagak: gizon sexismoa
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us


albiste bilatzailea