gizonok mina sentitzen al dugu?
Aupa gizon hori!
Aurrekoan esan nian sexismoak zapalduta gaudela gizonok ere, gizonezko izateagatik berezko tratu txar sistematikoa hartzen diagu eta. Neure zenbait uste piskat gehiago azaldu nahi diat oraingo honetan, bizipen pertsonal pare baten laguntzaz.
Sexismoa pertsonei rolak, ezaugarriak, espektatibak, usteak, jokaguneak... beren sexuaren arabera ezartzean datzala uste diat, alegia, pertsonen artean, sexuaren arabera, funtsezko ezberdintasunak daudela sinets araztean. Horietako uste bat duk gizonok ez dugula sentitzen emakumezkoek bezainbeste, hau duk, sentigaitzagoak, gogorragoak gare
la. Gizonok ez dugula sentitu behar, ematen zigutek aditzera artez edo moldez; sentitzen badugu (sentitu egiten diagu eta!) ez diagu sentikizuna adierazi behar ("ez egin negar", "ez egin dar-dar",...); eta sentikuzinik adieraziko bagenu, trakets, makal egin behar, eta ahalik eta laburren, noski. Badakik zer ekarriko dian horri ez jarraitzeak, gainera: irrigarri utziko haute, umiliatuko, jipoituko, mesprezatuko, baztertuko,...(oraindik diat gogoan txikitan "benetako gizon" izateko ezarritako bidean ibiltzen ez ziren lagun batzuekin zelako jokaera zapaltzailea izan genuen lagunartean, zelango iseka, irain eta bazterketa ezarri genizkien. Ez diat neure burua, ez besteena ere, erruduntzen -horretarako lehenago prestatuak gintiztean hainbat moduz-, baina oraindik txarto sentitzen nauk horiek gogora ekartzean). Halako mezuak eta halako mehatxuak jaso ditiagu etengabe txiki-txikitatik inguruko gizonetatik, familiatik, lagunartetik, telebistatik, ipuinetatik,... nonahitik. Horrela, ereduetatik kopiatuz eta mehatxuez beldurtuz, barneratu eta geure egin ditiagu irizpideok, geure benetako izaera halakoxea dela sinisteraino ere (gizon bakoitzak bere inguruak ezarritako mailan, noski).
Batzuetan gogora etortzen zaidak txikitako pasadizo bat. Behin, lau bat urte nituela, kalean korrikan nenbilela, lurrera erori eta zauria egin nian belaun batean. Odoletan nengoan eta etxera joan ninduan. Han aita zegoan, eta honelaxe esan nioan, harro:"Beitu aita, eta ez diat negarrik egin". Lau urterekin banian oso argi zelako gizona izan behar nuen ingurukoen onespena hartzeko (eta ez gaitezen engaina: taldekoiak gaituk gizakiok, taldean onartuak sentitzea oso garrantzitsutzat hartzen diagu).
Pasa den astean, beste gertaera batek erakutsi zidaan sentikizunekiko joera hau ("ez sentitu, ez adierazi") noraino dudan errotuta: Mamarigako jaietako marmitako txalpeketarako prestatze lanetan estropozu eta zauri itsusia egin nian hankan (goizeko 10'30ak zituan, eta ez alkohol ez bestelako drogarik hartu gabe nengoan, ez pentsa Wink). Zauria ikusita halako ikara etorri zitzaidaan, mina ere bai noski. Hala ere, hotz-hotzik (hobeto esanda, disimuluan) jardun nian, barruko sentimendu horiek guztiak erakutsi gabe, garrantziarik eman nahi barik edo (nahiz eta aurpegia zurbildurik ei nian, noski). Larrialdietara joan, eta han ere plantak egiten, laguna bidali eta bakarrik geratu ninduan. Sendakuntza mingarria izan zuan, jakina: zauria garbitu eta desinfektatu, haragia bere tokira ekartzeko tiratu, hamar jospuntu. Hasieran erizainei zera esan nien: ez dizue inportako kexu egiten badut, ezta? Edozelan ere, txintik ere ez zidaten atera beren "torturez". Izugarri zaila egiten zaidak halako sentikizunak adieraztea, batez ere, ustezko zaurgarritasuna, ahulezia, sentiberatasuna, alegia, eman didaten gizontasun ereduari ustez ez dagozkion hunkidurak. Ez nauk honela jokatzen duen gizon bakarra edo arraro samarra, ez duk uste?
Honetan ere zer egin handia bezain ederra diagu gizonok: sentitzen duguna onartu, adierazi, barrutik askatu. Hauxe duk bide garrantzitsua geure burua berrezagutzeko, berradiskidetzeko, hobeto bizitzeko, geure ingurukoak hobeto bizi daitezen laguntzeko. Sentitzen dugunarekin lotzen berrikasteko jardun honetan, gizonok elkartzeak, elkarri arreta, onespen eta apoioa emateak, gune ziurrak -non inork ez duen kidea gaitzetsiko, gutxietsiko, umiliatuko, erasotuko- eraikitzeak aparteko inportantzia hartzen dik; izan ere, ulergarria denez, beldurra ematen ziguk barruan urte askotan gorde dugunari ateak bat-batean zabaltzeak eta barnera begiratzeak; beraz, ziurtasuna duk beldur horren aurkako antidorik onena.
Besarkada goxoa eta hurrengora arte


Zabaldu
del.icio.us
Zorionak gai hontan interesa izateagatik eta animo blogarekin, eskertzen da mutilek ere sexismoaren arian kezka izatea eta horrela adieraztea.Gainera, gaian lan egiten duzunez, erreferentzia gordeko dut.
Iñaki maitea,
sexismoak inposaturikoa asko izango da, maskulinitatearen topikoak ezarri dizkigutela eta abar. Ados. Baina egiatik ere izango al dute zerbait, ezta? Maskulinitateak berezko tasunak ere izango ditu, ezta? Ez dira denak keriak izango ezta? Egoera zail zenbaiten aurrean, zaildutakoa aurrera irtengo da, askotan (ez beti, jakina)zeregin horretan dabilelako: etxeko ardura andrearena, kalekoa (baso lana, lantegia, ... baita taberna ere, noski) gizonarena. Banaketa hori gertatu den neurrian, zilegi da, oraindik ere, topikoez hitz egitea. Besterik da, topikoak errepikatzen eta mantentzen jardutea. Baina beharko genuke, nire uste apalean, garena ez ukatu, mutilak bagara mutilak gara. Emakumeak bagara emakumeak, tasun eta keria guztiekin, eta ezelako kontzeptu irmo eta zurrunetan tematu gabe, mugarik gabe, baina beti ere, garena ukatu gabe.
Azken finean, topikoa ere ez al da gizonok (minik)sentitzen ez dugulako hori? Berdin (mina)sentitu behar al dugu ba gizon eta emakumeok?
Besarkada bat, Iñaki.