Indarkeria matxistaren aurka
Aupa gizon hori!
Azken boladan bloga dexente utzia izan diat. Lanpetuta ibili nauk eta ezin eskaini denborarik honi. Ea aurrerantzean ez den holan gertatzen.
Azaroaren 25ean Emakumeekiko Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango diagu. Badakigunez, emakumeek pairatzen duten bortizkeria matxista geure gizarte sexistaren ondoriorik kaltegarrienetakoa da. Izan ere, eraildako emakumeen kasua jarduera lazgarri honen ondoren ikusgarriena bada ere, egunero-egunero, ageriago edo gordeago, etengabe gertatzen duk erasokeria hau.
Jakina ere baduk gizonak izaten garela bortxakeria etengabe honen eragileak, gizarte sexistak esleituriko rol zapaltzaileak geure eginik. Egia izanik ere gizon guztiok ez dugula erabiltzen bortizkeria matxista neurri berean eta gehienok ez garela heltzen bortizkeria fisiko gordinera, egia ukaezina ere baduk gizon guztiok zer ikusirik dugula afera honetan. Den-denok sartua diagu-eta matxismoa muinetaraino. Den-denon gaituk-eta indarkeria matxistaren birusak zelan edo halan kutsaturik. Den-denok diagu zer eginik.
Gizonon ardura ere baduk, beraz, emakumeek jasaten duten bidegabekeriari amaiera ematen parte hartzea. Gizonok sexismoa, genero-desberdinkeria nahiz bazterkeria, matxismoa akabatze lanean emakumeen aliatu zuzen eta zintzoak izan behar dugu. Aliatu izate honek, zintzoa izango bada, ez dik paternalismo kutsurik izango, noski. Gizonok ez diagu ordezkatuko emakumeen eginkizuna borroka honetan; ez zieagu eurei dagokien lana “andra koitaduei” egingo, inola ere ez. Emakumeek garbi eta aspaldi erakutsia ditek gauza direla oso beren bizitza, beren askapena euren esku hartzeko. Gizonok geure lana diagu: barneraturiko matxismoa guztiz garbitzea nork bere baitatik, eta jarrera nahiz jokaera sexista oro (norberarenari edo-eta besterenari) geldiaraztea, emakumeak apoiatzearekin batera.
Parekidetasunaren aldeko eta sexismoaren aurkako borroka honek onura besterik ez ziguk ekarriko gizonoi. Alde batetik, sexismorik gabeko gizarte parekidean, ezarri diguten maskulinitate eredu bakar, hertsi eta zapaltzailea behingoz bazter utzirik, geure benetako izanarekin, geure gizatasun osoarekin lotu ahalko gaituk berriro; bestetik, emakumeekin (baita umeekin eta gainontzeko gizon guztiekin ere) harreman sano, eta denontzat aberasgarriak eraiki ahalko ditiagu. Inolako zapalketarik gabeko gizarte kidetasunezkorantz urrats erabakigarria izango duk.
Bide honetan, urrats polita egingo diagu hilaren 25ean Santurtzin. Han, goizeko 11'30etan, udal euskaltegian gizon bilkura egingo diagu, matxismoaz, gizontasun ez-zapaltzaileaz, indarkeria matxistaz eta honekiko geure eginkizunaz gogoeta egiteko, anaitasunean. Guztiz ondo hartuko haugu gizona, hator!
Tagak: _indarkeria_matxista gizon_biltzarra
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us


albiste bilatzailea