Gizon Biltzarra Santurtzin
Aupa gizon hori!
Bada, bai. Atzo gizon bilera egin genian Santurtzin. Lehendabiziko bilera.
Zortzi gizon elkartu gintuan eta, egitarauak zioen lez, sexismoaz, matxismoaz, indarkeriaz eta hauek amaiarazteko egin ahal/nahi dugunaz jardun genian. Giro ederrean gainera. Zoragarria!!
Hasi gintuan nork bere burua aurkezten, noski: nor ginen, zerk erakarri gintuen bilerara eta egun horretan izandako atsegingarriren bat aipatzen. Gero, berotzen hasteko, ariketatxo bat: nork bere sozializazioan izan duen gizontasun eredua deskribatzea hitz edo esaldi batez, eta gero hitz edo esaldi hori azaltzea. Polita izan zuan nork bere ñabardurak agertzea barneraturiko gizontasun moldeaz, baita ere, ñabardura horien azpian gizontasun eredu oso eta nahikoa komuna agertzen zela, lehiari, gogorra eta indartsua izateari, autoritateareari, denaren ardura hartzeari,... lotuta
Hortik, sexismoaz, matxismoaz, nork bere bizipenetan oinarriturik egindako gogoetak elkarri azaltzera pasa gintuan. Nabarmena izan zuan oso denon zintzotasuna sexismoak ekarri dizkigun batzuk plazaratzean, bizi izandakoak agertzean, oraindik ditugun zailtasunak aitortzean. Oso hunkigarria izan zuan, niretzat behintzat, "maitasuna" bezalako hitz gizon ezpainetan oso ez-ohikoak entzutea, bi gizonek haien artean gertaturiko jazoera bat gogora ekarri eta elkarrez berba apainak, sentimenduz beteak, bihotzetik jalgiak aditzea,... Eta dibertigarria oso, txantxak, txisteak, pasadizo kontakizunak,...
Indarkeriaz ere aritu gintuan gero. Bizi, ikusi, pairatu izan ditugun batzuk; izan ditugun erreferenteak eta ereduak; sistema kapitalistaren indarkeriaren erabilpena eta gorespen etengabea,... Biktimismorik gabe, baina direnak aitorturik.
Irtenbideez ere jardun genian. Ez genian irtenbide magikorik aurkitu, noski. Epe ertain-luzeko bideak, kapitalismoa desagertarazi beharra, hezkuntzaren garrantzia, gizonentzako bestelako eredu gizatiarragoak aurkeztea, gizonekin lan egitea, salaketaren eta inpunitatea amaitu beharrak... Laburtxoa ere aritu gintuan kasu konkretoetan berehala parte hartzeari buruz, horrek dakartzan arriskuez eta onurez,... baina erlojuak bilerari jarritako amai epea pasatua zela abisatzen zebilean ordurako.
Azkenerako, biltzen jarraituko genuela, luzeago berba egingo genuela,... eta agur goxoa, bileran atsegin izandako zerbait azalduta.
Benetan merezi izan dik. Hurrengoan gehiago eta hobeto, ahal diagu-eta.
Besarkada eta laster arte.
Tagak: gizon_biltzarra indarkeria_matxista
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us


albiste bilatzailea