Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

baztertzea ez da bidea

Aupa gizona!

Aurreko asteko XIRIKAn (GARA egunkariak gazte jendearentzat asteazkenetan ekartzen duen gehigarria) irakurri nitian Bilgune Feministako kide baten adierazpenak pasa den astean Iruñean bikotekideak eraildako emakumearen haritik. Funtsean, esan zian emakumeen aurkazigorrako biolentzia ez dela soilik etorkinen multzoan gertatzen den zerbait, klase guztietan eta adin guztietakoa baizik; erakundeek egiten dutena ere salatu zian, erasoa gertatu ostean ekiten dutela gehienetan, baina prebentziorako mekanismoak lehenetsi behar zirela, hezkuntzakoak batik bat; eta gizarte kontu bat dela, eta ez norbanako batzuena, beraz, gizarteak engaiatu behar duela arazo honetan, eta horrek esan nahi dik gizarteak "erasotzaileak" baztertu behar dituela. Bilgune Feministako kideak esandako gehien-gehienarekin bat natorrek; bazterketarekin ezin, ordea.

Zergatik ez natorrek bat, bada? hainbat arrazoirengatik. Zerrenda ditzadan:

  • Eraginkortasunagatik. Arazo sozial baten aurrean egonda "txarto" (zelanbait esatearren) dabiltzanak baztertzeak ez duelako ezer ere konpontzen, alde batetik, ez dik jokaera biolentoa berriro agertzeko aukera deusezten (ez "erasotzaile horrena, ezta etorriko bide direnak ere), areago, banagok honela indartu egiten duela erasotzailearen jarrera, normalean erasotuta sentitzen denean pertsona batek autodefentsara jotzen duelako, "itxi" egiten duk berean. Errepresioak ez dik inoiz arazo bat konpondu, ezta konponduko ere. Berrintegrazioak emaitza hobeak ekarriko dituelakoan nagok.
  • Gizabideagatik. Zeren bortizkeria gizonoi ezarri diguten zerbait baita, sozializazio jakin baten ondorio deitoragarria, eta ez aukera librea (noski, gizon bakoitzak beraren sozializazio prozesua izan dik, eta iritsi den tokira iritsi duk, horrexegatik jokamoldeen bortizkeria ez duk maila berekoa gizon guztiengan). Beraz, ez duk gizon "erasotzailea" errudundu behar, baizik sozializazio mota hori salatu eta eraldatu. Honek guztiak, ordea, ez dik justifikatzen joakera bortitza ezelan ere, ezta ukatzen nork bere egintzen gainean duen erantzunkizun pittinik ere. Baina kontu ezberdinak dituk erantzunkizuna eta errua. Hurrengo batean luzeago, eta espero diat garbiago ere, jorratuko diat gai mamitsu eta zail hau, jakin bazakiat-eta eztabaidatsua dela kontua.
  • Bestetik, indarkeriari buruzko nahasmena sortzen duelako, neure iritzian. Izan ere, nor duk "erasotzailea"? "eraso" bat gauzatzen duena, bi gauzatzen dituena? Noiztik eta noiz arte duk gizon bat "erasotzailea"? Zalantza asko sortzen zaidak honetaz guztiaz, bide arriskutsua zeritzodak etiketak jartzeari. Gainera, indarkeria matxistaren arazoa eraso fisiko nolabaitekoa egiten duten gizonengan kokatzen dik eta, honela, errazten dik gainerako gizonok, bortizkeria erabili ez baina geure baitan kutsatuta gaudenok (gizarte sexistak gizon oro kutsatu baikatu indarkeriaz), arazo soziala dena soilik pertsona batzuen arazotzat hartzea. Indarkeriari benetako amaiera emateko beharrezkoa duk gizon guztiok "birus" hau geure barrenetatik ezabatzea, hau duk, geure barrukoak lantzea, irakatsi digutena desikastea, eta denok geure arazotzat hartzea.

Indarkeria maskulinoa, sexista edo matxista gehiagotan jorratuko dudan gai duk, noski. Alde batetik, egunero-egunero present egoten delako geure bizitzan; bestetik, izugarri larria delako gaitz sozial hau, eta emakumezkoek merezi eta behar dutelako ezelako indarkeriarik gabe bizitzea; azkenik, bide zehatzak asmatu behar ditugulako lehenbailehen geldiarazteko indarkeria matxista.

Besterik gabe oraingoz ba, gizona. Eutsi goriari eta ondo bizi, merezi duk-eta


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>