Maskulinitateari buruzko lantegia Bilbon
Aupa gizona!
Hilaren 13an Bilboko Bidarte Udaltegian, "Maskulinitatea, egun eta hemen" lantegia dinamizatu egin nian, Idatzi-Irakurri Elkarteak antolatua. Giro atsegina, parte hartzea polita eta gogotsua, elkarrekiko begirunea,... pozik irten ninduan. Hirekin konpartitu nitian hangoak, nahi baduk.
Ia bi orduz jardun gintuan maskulinitatearen inguruan bildutako 25 pertsonok (kopuru polita, areago 8 gizonezko izanik). Hasteko, partaideok norbere burua aurkezteko tartetxo bana hartu ondoren, ariketatxo bat egin genian: "benetako gizona" edo "gizon maskulinoa" esamoldeek zer zekarkieten burura berehalakoan, pentsatzeko astirik gabe. Maskulinitatearen iguruko topikoak agertzen hasi zituan noski: bortizkeria, kontrola, gogorkeria, nagusikeria,... espero nuena, hain zuzen. Honekin batera, maiz agertuagatik ere, beti harritzen nauen zerbait: gizon eta emakumezkoen arteko ezberdintasuna. Izugarri errotutako ustea duk hau. Noski, neuk ere bazakiat hainbat ezberdintasun duadena gizon eta makimeen artean, baina benetan harritzen nauena duk zein garrantzi handia ematen zaien ezberdintasunei eta zein gutxi berdintasunei, hauek askoz ere gehiago eta garrantzitsuagoak diren arren. Sexismoaren sustrai sakonak agerian.
Neure asmoa ariketa honetaz zuan, ordea, ikusaraztea maskulinitatearen irudi bakarra edo nahikoa homogeneoa badugu ere, maskulinitate asko direla hemen eta besteetan, maskulinitatea -edozein gizarte eraikuntza, bestalde- guztiz dinamikoa dela, eta ezberdina tokian-tokian eta garaian-garaian.
Hori argi utzita, maskulinitate egungo eredu hegemonikoak gizonoi ere kalte ekartzen digula azaltzea izan zuan. Eredu honek izugarrizko presioa ezartzen digula, bizimodu eskasa ematen digula, hainbat sasi-pribilegio (uko egin behar dieguna, jakina) ematen dizkigun arren, eta haretik askatu behar dugula gizonok, ondo biziko bagara norbere buruarekin, emakumeekin eta haurrekin. Neure ustez gizonon zapalkuntzaren gakoa dena azpimarratu ere egin niean, alegia, emozio-zikiratzea, berau da-eta jokabide oker eta desegoki askoren iturria.
Amaitzeko, gizon taldeetan egiten dugunaren berri eman niean gainetik, asti eskasiagatik, eta batez ere, gizonon arteko konfiantza, laguntasuna, konpromisoa,... lantzen ditugula, txiki-txikitatik gorderik dauzkagun gauzei begiratzeko piskanaka, eta bidaltzeko; baita ere, gogoeta egiteko eta pentsatzeko sexismoaz, gizon izateaz, askapenaz,... bizitzaz.
Horrela eman genioan amaia jardunari. Gero, emkume batzuk hurbildu zitzaikidaan adore emateko jarrai dezagun bide honetatik (garbi ohartzen nauk halakoetan emakumeentzat oso garrantzitsua dela gizonok ezarri diguten eredutik askatzea, eta itxaropen handia dutela gugan), eta bi gizon ere interasatu zituan gizon-taldeez eta. Zoragarria!!
Bueno, uste diat dexente islatzen duela honek Deustuan bizi izandakoa pasa den asteartean. Nigan dauzkat oraindik bizi izan nituen abegikortasuna eta gozotasuna.
Eta hiri, gizon, bururatzen bazaik hire herrian antolatu nahi duala halako jarduera bat eta gonbidatu nahi nauala, aurrera! prest eta gogotsu naukak eta.
Laster arte.
Tagak: maskulinitatea gizonak askapena sexismoa ekimenak gizontasuna herrigintza
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us


