Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Gizonak Futbolean

Aupa gizona!

Atzokoan Championseko finala izan zuan Moskun, ziur badakiala, inor gutxik ez zian jakingo. Ez nauk oso futbolzalea, eta ez nian lehenago pentterry_negarrezsatu blog honetan futbolaren kariaz idatziko nuenik, baina atzo bestela ikusi nitian partida horren hainbat une, sexismoaz eta maskulinitateaz hain zuzen ere, eta hirekin konpartitu nahi diat.

Hasteko bat, ez diat uste txiripaz denik kirol honetako elitea gizonezkoa izatea soilik. Izan ere, gladiadore berriak dirudite futbolariek, heroi berriak. Futbolean oso ondo islatzen dituk maskulinitatearen eredu hegemonikoak gizonezkooi esleitzen dizkigun rol eta espektatibak: borroka, ahalegina, indarra, irabazteko grina,... eta noski, lehia, batik bat lehia.

Baina, gizonak gizakiak garenez, gizatasuna agertzen duk beti zirrikituren batetik, estereotipo guztietatik ihesi, eta halako zertzelada batzuk ikusi nitian atzokoan, nahiz eta partida osoa ez ikusi.

Alde babetik, futbolean lehia agertu arren bere gordinean, taldekoitasuna ere azaltzen duk hainbatetan, eta horrelaxe iruditu zitzaidaan atzokoan ere, penalti-txandari hasiera eman behar ziotela talde bakoitzeko jokalariak bat eginda elkarri eusten ziotela ikusita, elkar besarkaturik. Gutxitan onartzen zigutek gizonoi (baita geronek geure buruari ere) halako hurbiltasuna elkarri erakusterik. Gainera, aipatu besarkaldi hau, nire ustez, ezberdina izan zuan irabazita gero Manchesterrekoen besarkada eta algaren aldean; lehenagoko hortan, arduraren aurrean, ziurtasun gabeziaren aurrean, finean, beldurraren aurrean, gizonak elkar harturik zeudean. Ederra eta hunkigarria iruditu zitzaidaan, zinez.

Beren egitekoa egindakoan, penalti jaurtilarien aurpegiak ere ikustekoak izan zituan. Gola lortu zutenenetan poza, baina baita ere lasaitu ederra hartua zutela, tentsioa ere ikaragarria izana zuela ordurarte. "Gizon onak" behar duen gisara, ordurarte disimuluan noski.

Penaltia huts egiten zuten hirutik biren irudiak izan zituan niretzat bereziki hunkigarriak. Bata, Ronaldorena, kostata itzuli baitzen haren kideengana kale eginda gero, eta bere taldeak garaitu eta geroko bere erreakzioa bitxia izan baitzuen oso: taldekide guztiak atezaina besarkatzera ohiu eta algaraka zihoazela, bera lurrean erorita, negar eta dardar batean, hutsegitetik ordurarteko tentsio izugarriaren erakusgarri gordina. Bestea, Chelseako Terry, halako "gizon" itxuraduna bera, bere taldeari garaipena emango zion penaltia kale eginda gero, lurrean eserita, hanka bilduak besarkaturik, bihotza erditurik, negarrez...

Aukera gutxi ematen zizkigutek gizonoi geure emozioak agertu eta askatu ditzagun, soilik "halako" egoera "garrantzitsuetan". Hori tamala denontzat. Bestelako munduan biziko ginateke eta...

Lehia eskaintzen zigutek geuretzako tokia lor dezagun bide, baina bakan batzuek helburua erdiets dezaten gehienek porrotaren min garratza dastatu behar. Eta lortu duena ere ezin luze gozatu lorpenaz, hurrengoan galduko ote duen beldurrez. Tamala hori ere denontzat. Bestelako munduan biziko ginateke eta...

Egun batean, ordea, ziur nauk, gizonok elkarren aurka lehiatzeari utzi zioagu, elkarren kontra borrokatzeari utziko zioagu; orduan, elkar hartu eta elkartasunez ibilera ederrari hasiera emango zioagu. Mundua hobea izango duk orduan, den-denontzat.


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>