Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Bagabiltzak

Aupa gizon hori!

Urrian, Docca David emakume santurtziarraren erailketaren haritik hasiera eman genion gizon ekimenak segida izan zian hilaren 8an, Santurtzin egin genuen biltzarrean.gizon_taldea

Biltzarra arrakastatsua, gainera, nire ustetan. Hamar gizon bildu gintuan, eta beste bost gehiago, etortzekoak izanik ere, ezin izan zituan.  Gainera, aurrekoan bezalaxe, adin, lanbide, pentsakera, ideologia... askotarikoak. Benetan uste diat ez dela euli kaka hala gertatzea. Geure herri hiperpolarizatu honetan halako argazkirik gutxitan ikusten zezakeagu, tamalez. Banagok, ahoberokeriarik gabe dinoat, askotarikotasun hau kudeatazen ikasten badugu (eta, uste diat, ikasi ikasiko dugula), kristorena izango dela, gizon mugimenduarentzat ezeze Euskal Herria osoarentzat ere.

Bestetik, ekiten jarraitzea berretsi genian. Honek esan nahi dik orain artekoa ez dela izan gertaera lazgarri baten ondoriozko beroaldia, eta badagoela oinarri finkoa jarduten segitzeko.

Geure eginkizuna bi ildotan ibiliko duk:

  • alde batetik, sexismoa norbere burutik ezabatzeko jarduera pertsonal/kolektiboa. Jakin bazakiagu, noizean behin aldarri batzuk haizatzeak ez gaituela urriutira eramango sexismoa akabatzeko bidean. Sexismoak ezarri dizkigun eta ikasi ditugun hainbat pentsaera, jarrera, joera,... (gehientsuenak sotil eta oharkabeak) geure baitatik benetan ezabatzen ez baditugu, alferrik ibiliko gaituk. Aldaketa praktikoa behar diagu eguneroko bizimoduetan. Horretarako, hilean behin lantegi monografikoa egingo diagu. Denon artean gai zerrenda osatzeari ekin genioan. Besteak beste, ondokoak mahairatu gentian: sexismoak zelan zapaltzen gaituen gizonok, adikzioak eta konpultsioak, harremanak (emakumezkoekin eta gizonezkoekin), aitatasuna, lana, sexua, indarkeria, lehiakeria, isolamendua, bizitza emozionala,...

Lantegiok hiru ordukoak izango dituk, larunbat arratsaldeko 4'30etatik 7'30etara-edo, eta saiatuko gaituk beren egiturak berak sexismoak ezarritako eredua "desikasten" hasteko baliagagarri izaten. Hau duk, "produktibismoaren" ordez ludikotasuna bultzatuko diagu; seriotasunaren ordez alaitasuna; isolamenduaren ordez hartu-emana; lehiakeriaren ordez elkartasuna; betebeharraren ordez askatasuna; razionalizatzeko joerari norbere barrukoa arakatzeari lehentasuna emango zioagu;...

Gizon guztientzako irekiak izango dituk tailerrok, baina aldez aurretik izena eman beharko duk, abeduaren 10a baino lehen, jardueraren prestaketa erraztearren. Izen ematea, blog honen bidez edo gizon.santurtzi@gmail.com helbidean egin dezakek. Gainera, lehenengo tailerretik aurrera gutxieneko konpromisoa eskatuko diagu; izan ere, ekimena etekintsua izango bada garrantzizkoa izango duk taldetasuna, elkarrekiko konfiantza sustatzea, eta hau ezinezkoa duk ekitaldi batetik bestera partaideetan gor-behera handirik badago.

  • Bestetik, bestelako ekimen "publikoagoak" ere antolatzen jarraituko diagu, gizonen gogoeta eta piskanakako engaiatzea bultzatzeari begira. Ildo honetatik, Emakumearen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna (hauxe duk hauxe izen luze eta ponpoxoa, hi), gizonentzako bideo-foruma egingo diagu Santurtzin. Ziur aski, azaroaren 27an izango duk, Kresala aretoan, baina oraindik ezin jakin. Laster berretsiko diat hau guztia zein filmaren izena.

Ez diat esan beharrik ekitaldiotara gonbidatuak zaretela hi eta honetaz interesa duten hire iunguruko gizonak ere, jakina.

Bueno gizon hori, hauxe duk dana oraingoz. Hartzak anaiatasun besarkada gozoa eta laster arte. Ondo-ondo bizi!

Tagak:
Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>