Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Izaskun bere senarrak eraila

Aupa gizon hori!

kandelak

Beste erailketa matxista bat izan diagu geure herrian. Gernikan oraingoan.

Nire elkartasuna eta goxotasuna emakume guzti-guztiei , eta bereki Izaskun Jimenezen hurkoei.

Ez duk une goxoa inorentzat. Emakumeak amorruaz, nazkaz, beldurrez,... barruan borborka izango direla uste diat, eta normala litzatekek. Neu behintzat tristura, nahigabea, lotsa... Ez duk erraza halako une batean gizon izateaz harro egotea. Eta hala ere, harro behar diagu gizonen izatezko ontasunez, gizaki guztien onerako. Niretzat lagungarria duk gogoan izatea askoz ere gehiago direla gizonezkoon eguneroko ekintza eder, on eta gizabidezkoak txarkeria eta bidegabeak baino.

Gernikako hainbat eragilek manifestua atondu ditek erailketaren aurrean. Bat natorrek han adierazten denarekin, puntu bakar batekin izan ezik: erasoak egiten dituztenak baztertu nahia. Horrekin inola ere ez. Beste post batean adierazi nian horri buruzko nire iritzia. Inork galdetuko balit orain "bale, bazterketarik ez. Beraz, zer egingo diagu?", zintzo izan, ez dakidala erantzun beharko nikek. Ez zakiat garbi zer egin, baina garbi diat zer ez dugun egin behar.

Indarkeria matxista amaiarazteko bidea luzea izango dela zirudik. Garbitxo ematen dik hezkuntzak garrantzia handia duela, baina ameskeria (edo are txarragoa, azpikeria) litzatekek sinistea umeek bestelako ikuskera, bestelako baloreak, jarrerak eta jokaerak hartuko dituztela helduengan ere halako aldaketak ez badituzte ikusten haiek. Dagoeneko gertatzen ari den zerbait duk hau: nahiz eta hezkuntzan (eskolan, noski) bestelako baloreak ematen-edo dizkiegun, oraingo neska-mutilek jarrera eta joakera sexistak dituzte barneraturik. Gainera hauei buruzko kontzientzia kritikorik ez ditek, edo onkeria politikoaz ezkutatzen ditiztek.

Gizaki guztiok diagu zer egina egoera eraldatzeko. Gizarte egiturak eraldatu behar ditiagu noski, baina eguneroko geure jarrera eta jokaerak ere bai. Sexismoa, matxismoa, patriarkatua, diskriminazioa, ierarkia, menperakuntza, zapalkuntza,... egunerokotasunetik ezabatzen saiatu behar diagu denok, eta gizonok bereziki. Indarkeria matxista eskailera luze baten "mailarik gorena" duk, baina hartaraino iritsi ahal izateko maila "beheragoko" asko igo behar izan ditiagu. Eguneroko jarrera-jokabide sexistek (huskeria diruditen horiek ere bai) osatzen ditiztek "beheragoko mailok", eta horiek ezabatzen saiatu behar ditiagu, norbanakoka eta elkarrekin, "beheragoko" maila horiek gabe inor ez delako helduko "gorenera".

Bortizkeria berdintasunarekin amaituko dela entzuten diat bolo-bolo, eta ez zakiat noraino bihurtu den topikokeria esamolde hau. Berdintasunarekin (inoiz eztabaidatu behar diagu gizarte honetan zer den zorioneko "berdintasuna" ere) bortizkeria matxista amaituko duk, baina ez bortizkeria. Edo ez zagok bortizkeriarik mutilen artean eta gizonen artean? Bortizkeriarik gehientsuena gizonezkoen artean gertatzen duk, umetan, gaztetan eta heldutan. Mota askotako bortizkeria izaten duk, baina ohikoena delakoan nagok. Eta gizonezkoen arteko bortizkeria hau ez bada amaitzen, zalantza handia egiten diat gizonok besteei ematen diegun bortizkeria amaituko ote den.

Hortaz, uste diat gizonok txiki-txikitatik eta geure sozializazio guztian indarkeriarekin izan dugun eta dugun harremana aztertu eta kontzientzia hartzea behar-beharrezkoa dela indarkeria matxista buka dadin.

Beste egun batean hitz egin beharko diagu bortizkeria matxista eta gizonezkoen artekoan indarkeria estrukturalak (gizarte klase batzuek beste batzuk menperatzeko erabiltzen dutenak, edo estatu batzuek beste herri batzuk zanpatzeko erabiltzen dutenak, hain zuzen)duen loturaz. Eta agian, egun horretan, orduko Miren Azkareteek, orduko Bibiana Aidoek, orduko Ibarretxeek, Zapateroek eta boteredun enparauek ixilik beharko ditek, ordurarteko haien hiprokrisiaz lotsa-lotsa eginda.

Besarkada handia hiri, gizon hori, eta ahalik eta hoberen bizi, merezi duk eta.

Tagak:
Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Erantzun bat »

  1. Pello — 2009-03-25 - 23:11:07 GMT 1

    iepa gizon
    Espero dugu bortizkeria, beipin matxista, akaba dezagun, bertzea zuk erran duzun bezala gurekin doa txikitatik

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>