Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

aita maitatiok

Aupa gizona!

Azken egunotan aitatasuna zaukaat buruan sarritan ohi baino sarriago, guraso.com webgunerako artikulutxo bat atontzen nabilek-eta. Eta halako bideo labur bat aurkitu diat heterodoxiaren webgunean. Politta, goxoa, hunkigarria iruditu zaidak. Eta gogorarazi zidak, beti dena gura genukeen bezain ondo egiten ez dugun arren, zenbat maitasun dugun aitok, zenbat maite ditugun geure seme-alabak, zein garrantzitsuak diren guretzat, eta den-dena emango genukeela haien alde.

Bereziki, zirrara sortu zidak ikusteak ume horren nahia ukipen fisikoa zela, maite zuen gizaki batekin kontaktuan egotea, ez zuela besterik behar. Halakoxeak ei gaituk gizakiok, baita gizonezkoak ere, askotan kontrakoa dirudigun eta sinetsi ere egiten dugun arren. Ukipena, maitasuna, harremana, konexia, gertutasuna,... horiek dituk benetako ongizatearen gako oinarrizkoetako batzuk.

Espero diat hiretzat ere kitzikagarria izana.

Hartzak besarkada handi-handia gizona, eta ondo bizi, merezi duk-eta

Tagak:
Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Erantzunak(5) »

  1. Aitor — 2010-01-29 - 12:10:27 GMT 1

    Oso polita, benetan. Hala ere, ez dakit aita hori gustura gelditu den; nola bukatu den egoera... Agian lotan geratuko zen alabatxoarekin.

    Ez al zaizue batzuetan kostatzen "ezer egin gabe egotea", beste kontu "premiazkoagoren" bat duzuenean?

  2. txus — 2010-01-29 - 13:17:13 GMT 1

    Zein erraza zuen aita-gizon horrek umea besoetan hartu eta berarekin ohera, sofara... eroatea.
    Umea ixiltzea zuen ardura bakarra, sentipen segundu zeken batzuk emanez ustez konponduko zuena.
    Ai, ai, ai, aita zer zinen, eta non hago!

  3. Iñaki Kasares — 2010-02-02 - 09:08:25 GMT 1

    @Aitor: Uste diat ez dela garrantzizkoena zelan "gelditzen garen", alegia zelan sentitzen garen zerbait egin ostean, baizik egitea egin behar dena, kasuon, umearekin egon. Argi zagok, nik uste, gure ohiko roletatik ateko jardueretan, batez ere hasieran, sentimendu latzak, gogorrak eta desatseginak piztuko zaizkigula. Normala duk, eta ulergarria. Sentimendu horiek gobernatzen ikasi beharko diagu, ordea, eta ez beren nahietara jokatzen. Emozio alfabetatzea duk giltza garrantzitsuenetako bat geure "bergizabideratzean" (hara! oraintxe asmatutako hitzarra). Eta, bai, niri behintzat, asko kostatzen zaidak ezer egin gabe egotea, ezarri diguten gizontasun ereduaren ezaugarri handienetakoa duk hori, "produzitu beharra", eta egitea "anestesia" gisa erabiltzea.
    Eskerrik asko iruzkinagatik, laster arte eta ondo bizi!

  4. Iñaki Kasares — 2010-02-02 - 09:26:21 GMT 1

    @Txus: Igitaia eskuan etorri haiz e! ;-D Ez, ez duk perfektua bere jokabidea, nirea ere ez duk izaten, bederen. Baina bazaudek aldeak, nire irudiko: gizona etorri zaiok umeari, gizona geratu duk berekin, seguraski ezgustura, deseroso, ezjakin, ezin ulertuz, bere ohean lo egin nahian, baina maitasunez. Ez da perfektua, gauza asko ikasi behar diagu oraindik, beste hainbat "desikasi", eta beste horrenbeste aldaketa estruktural eragin gizatean. Baina bagabiltzala uste diat. Hartzak besarkada handia txus, eta eskerrik asko hire iruzikinagatik. Ondo bizi!

  5. iñaki peña — 2010-02-02 - 17:24:50 GMT 1

    Tira, gaur estreinatuko naz txoko honetan (azkenean!), eta espero dot iruzkina ondo hartzea.

    Neuri bideoa ikusi eta gero kontestua falta jat. Suposatzen da gabaz gertatutakoa izango dala ikusten doguna. Eta umea ez dakigu gaixorik dagoan ala ez. Adina, urtebete baino zeozer gitxiago. Neure ustez datu horiek garrantzitsuak dira, neu ez naz-eta "kontaktuzale indiskriminatua".

    Ume bi ditugu eta ondo lo egiteko hainbatentzat "deabru faxista batek" inbentatutako metodo konduktista famatua egin genduan, emoitza zoragarriekin laurontzat. E. Estivill eta S. de Bejarrek idatzi eben, baina hainbatek antzeko zeozer proposatzen dabe, eta metodoa ziur aski geure amamak eta aititeak baino zaharragoa da, gaur egun idatzita eta sistematizatuta dagoan moduan ez egoan arren. Neuk behintzat ez deukot zalantza handirik metodoaren egokitasunaz, eta mingarria gertatzen jat hainbatek maitasunagaz kontrajarri ipintzea. Are mingarriagoa "faxista" deitzea, noski (gauza arrunta da bigarren hau). Nork ezagutzen ditu maitasunaren neurriak? Nork erabagitzen dau aita edo ama bat maitakorra dan ala ez? Ukimenaren zentzuaren arabera dago?

    Sarrera potentea neurea, eta parkatuko deustazue, baina oso gai (eta blog) interesgarria iruditzen jat(az).

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>