gizON http://gizon.nireblog.com Gizonok bateginik sexismoa akabatzen Thu, 02 Jul 2009 22:40:18 +0100 gizON http://files.nireblog.com/blogs/gizon/gravatar.gif http://gizon.nireblog.com http://nireblog.com Honetara Bai http://gizon.nireblog.com/post/2009/06/02/honetara-bai http://gizon.nireblog.com/post/2009/06/02/honetara-bai Aupa gizona!

Aurreko batean,emakumeen aurkako manifestazaio batera eaborto_manifaz nintzela joango esan nian, eta nire jokabide horren arrazoia eman. Oraingo honetan, alderantzizko mezua zabaltzera natorrek: ekainaren 6an Abortatzeko Eskubidearen aldeko manifestazioa izango duk Bilbon, arratsaldeko 6etan, Arriaga plazan, "Gure Gorputza, Gure Erabakia" lelopean. Honetara bai, etorri etorriko nauk, eta gizonezko guztiei ere dei egiten zieat etor zaitezten.

Zergatik? Uste diat Euskal Herriko Mugimendu Feministak zabaldu duen manifestua irakurri besterik ez dela.

manifaekainak6

Besarkada goxoa hiretzat, gizona, eta ondo bizi, merezi duk eta!

Comments

]]>
Tue, 02 Jun 2009 17:00:39 +0100
emakumeak lideratu eta gizonak aliatu http://gizon.nireblog.com/post/2009/05/28/emakumeak-lideratu-eta-gizonak-aliatu http://gizon.nireblog.com/post/2009/05/28/emakumeak-lideratu-eta-gizonak-aliatu apoio_bihotzaAupa gizon hori!

Halako izenburua izago dik datorren ekainaren 4an, arratsaldeko 7etan, Deustuako Bidarte Udaltegian gidatuko dudan jarduera. Idatzi-Irakurri Elkarteak antolatu dik ekimena, eta Emakunderen Naro programaren barruan duk. Jarduera irekia duk, gizon nahiz emakumeentzakoa eta erdaraz izango duk tamalez. (noizko emango zioagu benetako garrantzia hizkuntz integrazioari??).

Aurton, Naro programan emakumeen ahalduntzea dik ardatz. Halako jarduera proposatu zidanean Idatzi-Irakurri Elkartearen kide batek, erantzun nioan nire ustez egokiagoa izango zela emakumezko batek gidatzea jarduna, baina berak berretsi zidaan eskaintza, azalduz interesgarria iruditzen zitzaiola emakumeen ahulduntzea apoiatzeko gizonen eginbeharraz-eta aritzea. Neuri ere erakargarria irduitu zitzaidaan (eta erronka ere bai!) eta onartu.

Iazkoan ere, Maskulinitateari buruzko Lantegia egin genian Elkarte berak antolatuta, eta polito suertatu zuan. Ziur nagok aurtengoan ere pozik aterako garela.

Beraz, datorren ostegunean, saiatuko nauk nire iritzi batzuk ematen ahalik eta laburren ahalduntzeaz eta apoioari buruz,eta nork bere ideiak, iritziak, gogoetak,... sortu eta azaltzeari ekingo zioagu. Saio sortzailea nahi diat, denok irakats eta ikastekoa, jendekoia eta hurbila.

Ederra izango litzatekek hi ere etortzea noski!

Edozelan ere, hartzak besarkada goxoa eta ondo bizi, merezi duk-eta!

Comments

]]>
Thu, 28 May 2009 09:36:20 +0100
Izaskun bere senarrak eraila http://gizon.nireblog.com/post/2009/03/25/izaskun-bere-senarrak-eraila http://gizon.nireblog.com/post/2009/03/25/izaskun-bere-senarrak-eraila Aupa gizon hori!

kandelak

Beste erailketa matxista bat izan diagu geure herrian. Gernikan oraingoan.

Nire elkartasuna eta goxotasuna emakume guzti-guztiei , eta bereki Izaskun Jimenezen hurkoei.

Ez duk une goxoa inorentzat. Emakumeak amorruaz, nazkaz, beldurrez,... barruan borborka izango direla uste diat, eta normala litzatekek. Neu behintzat tristura, nahigabea, lotsa... Ez duk erraza halako une batean gizon izateaz harro egotea. Eta hala ere, harro behar diagu gizonen izatezko ontasunez, gizaki guztien onerako. Niretzat lagungarria duk gogoan izatea askoz ere gehiago direla gizonezkoon eguneroko ekintza eder, on eta gizabidezkoak txarkeria eta bidegabeak baino.

Gernikako hainbat eragilek manifestua atondu ditek erailketaren aurrean. Bat natorrek han adierazten denarekin, puntu bakar batekin izan ezik: erasoak egiten dituztenak baztertu nahia. Horrekin inola ere ez. Beste post batean adierazi nian horri buruzko nire iritzia. Inork galdetuko balit orain "bale, bazterketarik ez. Beraz, zer egingo diagu?", zintzo izan, ez dakidala erantzun beharko nikek. Ez zakiat garbi zer egin, baina garbi diat zer ez dugun egin behar.

Indarkeria matxista amaiarazteko bidea luzea izango dela zirudik. Garbitxo ematen dik hezkuntzak garrantzia handia duela, baina ameskeria (edo are txarragoa, azpikeria) litzatekek sinistea umeek bestelako ikuskera, bestelako baloreak, jarrerak eta jokaerak hartuko dituztela helduengan ere halako aldaketak ez badituzte ikusten haiek. Dagoeneko gertatzen ari den zerbait duk hau: nahiz eta hezkuntzan (eskolan, noski) bestelako baloreak ematen-edo dizkiegun, oraingo neska-mutilek jarrera eta joakera sexistak dituzte barneraturik. Gainera hauei buruzko kontzientzia kritikorik ez ditek, edo onkeria politikoaz ezkutatzen ditiztek.

Gizaki guztiok diagu zer egina egoera eraldatzeko. Gizarte egiturak eraldatu behar ditiagu noski, baina eguneroko geure jarrera eta jokaerak ere bai. Sexismoa, matxismoa, patriarkatua, diskriminazioa, ierarkia, menperakuntza, zapalkuntza,... egunerokotasunetik ezabatzen saiatu behar diagu denok, eta gizonok bereziki. Indarkeria matxista eskailera luze baten "mailarik gorena" duk, baina hartaraino iritsi ahal izateko maila "beheragoko" asko igo behar izan ditiagu. Eguneroko jarrera-jokabide sexistek (huskeria diruditen horiek ere bai) osatzen ditiztek "beheragoko mailok", eta horiek ezabatzen saiatu behar ditiagu, norbanakoka eta elkarrekin, "beheragoko" maila horiek gabe inor ez delako helduko "gorenera".

Bortizkeria berdintasunarekin amaituko dela entzuten diat bolo-bolo, eta ez zakiat noraino bihurtu den topikokeria esamolde hau. Berdintasunarekin (inoiz eztabaidatu behar diagu gizarte honetan zer den zorioneko "berdintasuna" ere) bortizkeria matxista amaituko duk, baina ez bortizkeria. Edo ez zagok bortizkeriarik mutilen artean eta gizonen artean? Bortizkeriarik gehientsuena gizonezkoen artean gertatzen duk, umetan, gaztetan eta heldutan. Mota askotako bortizkeria izaten duk, baina ohikoena delakoan nagok. Eta gizonezkoen arteko bortizkeria hau ez bada amaitzen, zalantza handia egiten diat gizonok besteei ematen diegun bortizkeria amaituko ote den.

Hortaz, uste diat gizonok txiki-txikitatik eta geure sozializazio guztian indarkeriarekin izan dugun eta dugun harremana aztertu eta kontzientzia hartzea behar-beharrezkoa dela indarkeria matxista buka dadin.

Beste egun batean hitz egin beharko diagu bortizkeria matxista eta gizonezkoen artekoan indarkeria estrukturalak (gizarte klase batzuek beste batzuk menperatzeko erabiltzen dutenak, edo estatu batzuek beste herri batzuk zanpatzeko erabiltzen dutenak, hain zuzen)duen loturaz. Eta agian, egun horretan, orduko Miren Azkareteek, orduko Bibiana Aidoek, orduko Ibarretxeek, Zapateroek eta boteredun enparauek ixilik beharko ditek, ordurarteko haien hiprokrisiaz lotsa-lotsa eginda.

Besarkada handia hiri, gizon hori, eta ahalik eta hoberen bizi, merezi duk eta.

Comments

]]>
Wed, 25 Mar 2009 17:28:56 +0100
Balore maskulinoak Vs balore femeninoak? http://gizon.nireblog.com/post/2009/03/15/balore-maskulinoak-vs-balore-femeninoak http://gizon.nireblog.com/post/2009/03/15/balore-maskulinoak-vs-balore-femeninoak Aupa gizon hori!

Gaurkoan berrirakurri diat 2002 urtean El Pais egunkari espainiarrak maskulinoa/femeninoaargitaratu zuen erreportajetxo bat, emakumezkoen matxismoari buruz. Orduan eztabaidatzen ibili zituan egungo gizartearen matxismo mailaz-eta. Beste egun batean emango ditiat neure iritziak horren gainean. Gaurkoan, aipatu erreportajean balore maskulino eta femeninoei buruz esaten zutenaz nahi diat aritu.

Izan ere, oso ideia zabaldua eta onartua ei diagu balore batzuk maskulinoak direla gehien bat (lehiakorkeria, indarkeria, razionalizatzea -emozioak baztertzea, alegia-, eta abarrekoak), eta beste batzuk femeninoak (lankidetza, enpatia, emozioak aintzat hartzea,...). Ez natorrek bat ikupegi honekin, noski; areago, oraingo egoera sexistan oinarrituriko ikuspegia iruditzen zaidak.

Izan ere, balore "maskulino" deritzen horiek maskulinitate eredu bati dagozkion baloreak dituk. Bai, maskulinitate eredu hori hegemonikoa duk oraindik orain eta hemen, eta batzuetan besterik ez dela ere ematen dik, baina bazeudek bestelako ereduak, esate baterako, bertotik bultzatu nahi dudana.

Maskulinitate bakarra balego, eta egun hegemonikoa dena balitz, gizonok jai genikek -eta emakumeek ere bai, ondorioz-. Maskulinoak izan nahiko bagenu, zapaltzaile, lehiakor,indarkeriazale,sentitzeko gaitz, eta abar luzeko izan beharko genikek. Bestelako nahi bagenu izan (esaterako, maitati, berdinzale, lagunkoi, ...) maskulino izateari uko egin beharko geniokek.Ekuazio bera egin litekek emakumezkoekin eta balore "femeninoekin".

Maskulinitatea nahiz feminitatea egungo eta bertoko gizarte honetan dauden bi genero dituk, baina, zorionez, ez dituk ez homegeneoak, ez derrigorrezkoak, ez betierekoak, ez aldaezinezkoak,... eta, noski, ezta gizabidezkoenak ere.

Hartzak besarkada eta ahalik eta hoberen bizi, gizon hori!

Comments

]]>
Sun, 15 Mar 2009 13:54:53 +0100
ez naiz manifa horretan egongo http://gizon.nireblog.com/post/2009/02/27/ez-naiz-manifa-horretan-egongo http://gizon.nireblog.com/post/2009/02/27/ez-naiz-manifa-horretan-egongo Aupa gizon hori!

Denboralditxo pasa diat ezer argitaratu barik. Ez zer idatzirik bururatzen ez zaidalako, gai asko eta zer idatzi franko aurkitzen baitut egunero-egerrepre_mani_kartelaunero, eta zirriborro batzuk baditiat blogaren artxibategian, baizik-eta, gaiok jorratzeak eta, batez ere, idazki eran atontzeak denbora luze eskatzen duelako. Eta, badakik, sarritan zer egin asko eta denbora laburra.

Oraingo honetan ere badiat zer esan, biharko, Marta del Castillo neska espainiarra erail dutela-eta, auskalo nork deitu duen manifestazioaren harira.

Ez nauk hantxe egongo, ez.

Hasteko, dei-kartela gaztelania hutsean egin izanak baztertu egin naik, euskalduna naizen aldetik. Inongo zapalkuntzaren aurka egitea, bestelako zapalkuntzarik lagunduz, ez zaidak eragingarria irduitzen, eta ezelan ere bidezkoa noski.

Deialdi anonimoa izateak ere hurruntzen naik, halako ekintzak alor honetan lanean dabiltzan eragile sozialek egitea komenigarriagoa begitantzen zait-eta. Nonbaitera joateko eskatzen didatenean, zeinek eskatzen didan jakitea nahiago.

Espainiar giroan bizi direnendako deia badenez, horrek ere eragiten zidak. Biolentzia matxista pairatzen duten guztiek behar ditek (eta baditek) neure elkartasuna, direla espainiar, frantziar, txinar ala senegaldar, Euskal Herrian bizi ala Alaskan bizi. Baina, horrexegatik hain zuzen, ez zioat garrantzi handiagorik ematen Espainian gertatzen denari Bangladeshen gertatzen denari baino (gutxiagorik ere ez noski), nahiz eta espainiar hedabide handiek bolo-bolo ibili gaia, sentsazionalismo lotsagabeez batek zakik zein xede (audientzia? bestelako gaietatik arreta desbideratzea?...) dutela.

Azken honen haritik, espainiar hedabide handiek egositako gizarte histerismoz eta sentsazionalismoz zeharo kutsatuta zakusadak deia.

Txikikeria irudi zakiokek norbaiti hau guztia, helburu handiago eta garrantzizkoago baten alde bazterrean utzi behar liratekeenak. Nik ez diat halakorik uste.

Dena dela, manisfestazio horretara ez joateko zio nagusia deialdiari susmatzen diodan "usaina" duk. Kartelean irakur daitekeenez, deitzaileek zigor handiagoak, gogorragoak eskatzen ditiztek indarkeria matxista erabili duten gizonentzat. Filosofia punitiboa zariok deiari alde guztietatik, errepresiozalea duk. Eta ez natorrek bat honegaz.

Ez natorrek bat, gezurretan oinarritzen delako, zeren espainiar estatua bera duk Europan legedi zigorzaleena duena.

Ez natorrek bat, zigor handiagoak ez direlako emankorrak delituak gutxitxeko, eta matxismoa gizon guztiengandik (bortizkeria matxista gehiago, gutxiago ala ia batere baliatzea gora-behera) ezabatzeko egin behar dugun lana zailtzen duelako.

Ez natorrek bat bortizkeria erabilitako gizonari leporatzen diolako oso-osorik indarkeria matxistaren errua. Honek deskontestualizatzen dik arazoa, gizon jakin batzuen (tratu txar larrienen eragileen) problema bailitzan, ez guzti-guztiona, eta ezkutatzen dik halako gertaera tamalgarrien erantzunkizunik nabarmenena gizarte eredu matxista, patriarkala eta sexista dela, eta hauxe dela, hain zuzen, eraldatu duguna.

Ez nauk egongo manisfestazio horretan, finean, jario kontserbadorea, karka, zigorzalea , sentsazionalismoz josia, euskaldunen baztertzailea eta ez eraikitzailea delako, deitzaileen balizko asmo onak gora-behera.

Hauxe duk dena gauarkoz. Hartzak besarkada gizon hori. Ahalik eta hoberen biziko ahal haiz.

Comments

]]>
Fri, 27 Feb 2009 12:35:47 +0100
GIZON EKIMENAren aurkezpena jendaurrean http://gizon.nireblog.com/post/2009/01/19/gizon-ekimenaren-aurkezpena-jendaurrean http://gizon.nireblog.com/post/2009/01/19/gizon-ekimenaren-aurkezpena-jendaurrean Aupa gizon hori,

Azkenean Santurtziko gizon taldekook erabaki diagu Berdintasunaren aldeko eta Sexismoaren aurkako GIZON EKIMENA Santurtziko gizarte eragileen eta gizartearen aurrean aurkeztu egingo dugula. Noski, hau irakurtzen ari haizen hori ere gonbidatuta hago

Ekitaldia labur eta xumea izango duk, harreman on eta elkarrentzako onuragarri baten lehenengo urratsa. Bertan, geure ekimen hau nondik datorren, zelako ezaugarriak dituen eta zeintzuk diren geure asmoak azalduko diagu labur. Bestetik, etorriko direnek ere parada izango ditek galderak, ekarpenak,... egiteko.Aurkezpena, hilaren 21ean, asteazkenarekin, Santurtziko KRESALA aretoan (Barandiaran 12), arratsaldeko 7'30etan izango da. Gonbidapen hau gaiaz interesa izan dezakeen hire lagunentzat ere baduk, noski.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, hartzak besarkada eztia eta laster arte.

Comments

]]>
Mon, 19 Jan 2009 16:07:36 +0100
Bagabiltzak http://gizon.nireblog.com/post/2008/11/18/bagabiltzak http://gizon.nireblog.com/post/2008/11/18/bagabiltzak Aupa gizon hori!

Urrian, Docca David emakume santurtziarraren erailketaren haritik hasiera eman genion gizon ekimenak segida izan zian hilaren 8an, Santurtzin egin genuen biltzarrean.gizon_taldea

Biltzarra arrakastatsua, gainera, nire ustetan. Hamar gizon bildu gintuan, eta beste bost gehiago, etortzekoak izanik ere, ezin izan zituan.  Gainera, aurrekoan bezalaxe, adin, lanbide, pentsakera, ideologia... askotarikoak. Benetan uste diat ez dela euli kaka hala gertatzea. Geure herri hiperpolarizatu honetan halako argazkirik gutxitan ikusten zezakeagu, tamalez. Banagok, ahoberokeriarik gabe dinoat, askotarikotasun hau kudeatazen ikasten badugu (eta, uste diat, ikasi ikasiko dugula), kristorena izango dela, gizon mugimenduarentzat ezeze Euskal Herria osoarentzat ere.

Bestetik, ekiten jarraitzea berretsi genian. Honek esan nahi dik orain artekoa ez dela izan gertaera lazgarri baten ondoriozko beroaldia, eta badagoela oinarri finkoa jarduten segitzeko.

Geure eginkizuna bi ildotan ibiliko duk:

  • alde batetik, sexismoa norbere burutik ezabatzeko jarduera pertsonal/kolektiboa. Jakin bazakiagu, noizean behin aldarri batzuk haizatzeak ez gaituela urriutira eramango sexismoa akabatzeko bidean. Sexismoak ezarri dizkigun eta ikasi ditugun hainbat pentsaera, jarrera, joera,... (gehientsuenak sotil eta oharkabeak) geure baitatik benetan ezabatzen ez baditugu, alferrik ibiliko gaituk. Aldaketa praktikoa behar diagu eguneroko bizimoduetan. Horretarako, hilean behin lantegi monografikoa egingo diagu. Denon artean gai zerrenda osatzeari ekin genioan. Besteak beste, ondokoak mahairatu gentian: sexismoak zelan zapaltzen gaituen gizonok, adikzioak eta konpultsioak, harremanak (emakumezkoekin eta gizonezkoekin), aitatasuna, lana, sexua, indarkeria, lehiakeria, isolamendua, bizitza emozionala,...

Lantegiok hiru ordukoak izango dituk, larunbat arratsaldeko 4'30etatik 7'30etara-edo, eta saiatuko gaituk beren egiturak berak sexismoak ezarritako eredua "desikasten" hasteko baliagagarri izaten. Hau duk, "produktibismoaren" ordez ludikotasuna bultzatuko diagu; seriotasunaren ordez alaitasuna; isolamenduaren ordez hartu-emana; lehiakeriaren ordez elkartasuna; betebeharraren ordez askatasuna; razionalizatzeko joerari norbere barrukoa arakatzeari lehentasuna emango zioagu;...

Gizon guztientzako irekiak izango dituk tailerrok, baina aldez aurretik izena eman beharko duk, abeduaren 10a baino lehen, jardueraren prestaketa erraztearren. Izen ematea, blog honen bidez edo gizon.santurtzi@gmail.com helbidean egin dezakek. Gainera, lehenengo tailerretik aurrera gutxieneko konpromisoa eskatuko diagu; izan ere, ekimena etekintsua izango bada garrantzizkoa izango duk taldetasuna, elkarrekiko konfiantza sustatzea, eta hau ezinezkoa duk ekitaldi batetik bestera partaideetan gor-behera handirik badago.

  • Bestetik, bestelako ekimen "publikoagoak" ere antolatzen jarraituko diagu, gizonen gogoeta eta piskanakako engaiatzea bultzatzeari begira. Ildo honetatik, Emakumearen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna (hauxe duk hauxe izen luze eta ponpoxoa, hi), gizonentzako bideo-foruma egingo diagu Santurtzin. Ziur aski, azaroaren 27an izango duk, Kresala aretoan, baina oraindik ezin jakin. Laster berretsiko diat hau guztia zein filmaren izena.

Ez diat esan beharrik ekitaldiotara gonbidatuak zaretela hi eta honetaz interesa duten hire iunguruko gizonak ere, jakina.

Bueno gizon hori, hauxe duk dana oraingoz. Hartzak anaiatasun besarkada gozoa eta laster arte. Ondo-ondo bizi!

Comments

]]>
Tue, 18 Nov 2008 11:13:18 +0100
gizon biltzarra larunbatean http://gizon.nireblog.com/post/2008/11/05/gizon-biltzarra-larunbatean http://gizon.nireblog.com/post/2008/11/05/gizon-biltzarra-larunbatean Aupa gizona!

Urriaren 11n GIZON EKIMENA antolatu genian Santurtziko norbanako batzuek, Doca David gure herrikidea bere senarrak erail zuela kausa. Egun horretan, BILTZARRA egin genian indarkeria matxistaren inguruan eta KALEAN AGERTU ginen adierazteko geure aldarria bai indarkeria matxistaren eta sexismoaren aurka, bai berdintasunaren alde ere.

Egun horretako biltzarrean erabaki genian biltzen jarraitzea, jakin badakigulako, sexismoa ezabatu eta parekidetasunezko gizartea eraikitzeko, gizon ekimen jarraia behar-beharrezkoa dela.

Ildo horretan, hilaren 8an, larunbatean, berriro bilduko gaituk, arratsaldeko 4'30etatik 7etara, jarraitzeko hausnartzen gure ekarria gizarte-eginkizun eder honetan zein eta zelan egingo dugun. Biltzarra Santurtziko Udal Euskaltegian (Barandiaran 12) egingo diagu.

Gizon guztiok gonbidatuta zaudete, eta goxo-goxo hartuko zaituztegu.
Merezi du, merezi duk. Etorri!

Comments

]]>
Wed, 05 Nov 2008 12:33:49 +0100
gizon ekimen arrakastatsua Santurtzin http://gizon.nireblog.com/post/2008/10/16/gizon-ekimen-arrakastatsua-santurtzin http://gizon.nireblog.com/post/2008/10/16/gizon-ekimen-arrakastatsua-santurtzin Aupa gizona!hombresxlaigualdad011.jpg

Pasa den larunbatean urrats polita egin genian Santurtzin parekidetasunezko eta sexismorik bako gizartea eraikitze bidean: estrainekoz gurean, gizonok kalera irten gintuan berdintasunaren alde eta matxismoaren aurka.

Aurreko post batean azalduriko ekimenak bi atal izan zitian, Gizon Biltzarra eta Gizonon Kale Agerpena. Biltzarrean dozena bat gizon elkartu gintuan, hogeitaka eta hirurogeitaka urte adinekoak, eta ideologia zein atxikipen politiko askotarikoak; gizonezko eta sexismoaren aurkako nahiz berdintasunaren aldeko izateak elkarturik. Bai pozgarria!

Nork bere burua aurkeztuz eman genioan hasiera biltzarrari. Horren ostean, indarkeria matxistaz norbere ikuspegia azaltzeari ekin genioan, eta bakoitzaren zertzeladaz koadro dexente argia marraztu genian.

Ondoren, honetan gizonoi dagokigun eginkizunaz aritu gintuan, labur. Ideia nagusiak izan zituan, emakumeen ekimenei apoio osoa ematea ezelako zalantzarik barik, nork bere inguruan ez onartzea ezein jarrera sexista, eta, noski, sexismoa ez bersortzeko nork bere sexismo barneratua lantzea. Honi lotuta, biltzen jarraitzea erabaki genian, bi asmo nagusiz: norbere sexismoaren lanketa eta gizonen sentsibilizazioa. Hurrengo bilera, azaroaren 8an izango diagu Santurtzin, arratsaldeko 4'30etatik 7etara. Orandik ez zakiagu non izango den, baina jakin bezain pronto ezagutzera emango diagu. Gonbidatuta hago, jakina!

Biltzarretik irtenda, parkera jaitsi gintuan, elkarretaratzea. Zintzo esanda, ez nian espero hogei lagun baino gehiago biltzea, eta hara ezustea! ia ehun gizonek parte hartu genian. Gainera, biltzarraren antzera, askotariko adin eta pentsakeradunak. Itzela!! Hedabideen presentzia ere dexentekoa izan zuan; izan ere, bere "exotikotasunagatik" edo, hedapen polita izan dik ekimenak aste osoan zehar (harritu egin naik, ordea, GARAk, INFO7k, BERRIAk eta abarrek eskaini dioten arreta eskasak. Zer pentsatua eman zidak, baina beste baterako -sexismoaren aurkako borrokan hedabideek bete beharko luketen eginkizunez nire usteak plazaratzen ditudanerako hain zuzen- utziko diagu). Han, orritxo bat banatu geniean parkean zeuden gizonezkoei, eta hogei minutu geroago amaiera eman genioan ekimenari, hunkituta oso neu behintzat.

Azkenik, honek guztiak niri ekarri dizkidan gauzetako batzuk aipatu nahi ditiat, laburrean: alde batetik, gizakiok (eta gizonok batik bat) sarritan iruditzen zaidan baino hobeto gaudela; bigarrenik, berriro ohartzea beldurrari jaramon egin ez eta ekinez gero, gauzak gertatu egiten direla; hirugarrenik, ez ditudala gauzak bakarrik egin behar, eta laguntza eskatzen ikasten jarraitu behar dudala.

Bueno gizon, hauxe duk dena oraingoz. Hartzak besarkad gozo eta itxaropentsua, eta ondo bizi!!

Comments

]]>
Thu, 16 Oct 2008 10:51:46 +0100
Docca David senarrak eraila Santurtzin http://gizon.nireblog.com/post/2008/10/08/docca-david-senarrak-eraila-santurtzin http://gizon.nireblog.com/post/2008/10/08/docca-david-senarrak-eraila-santurtzin Gizon hori,

Docca David emakume gaztea erail dik senarrak lazo_beltza.jpggeure herrian, jakingo duanez. Izugarria duk. Beste erailketa matxista bat gehiago. Bostgarrena aurten Euskal Herrian.

Horrelakoetan bihotza txikitzen zaiguk, eraildakoa eta bere familia gogoan; geure beroa eta elkartasuna helarazi nahi zioagu.

Bestetik, erailtzailea edo tratu txarrak eman dituen gizona jomugan jartzen diagu amorru biziz gizonok ere, haren errua eta arazoa delakoan.

Baina, erasotzaile edo erasotuaren arazoa duk soilik? Ez horixe! Gizon guztiona ere bada, gizarte osoarena den bezala. Gutxi-asko, gizon gehien-gehienok zaukagu sexismoa eta biolentzia sartuta barruetan. Sexismoa sinisteko mailak daudela besterik ez duk kontua.

Benetakoa arazoa ez duk gizon batzuek kontrola galdu eta izugarrikeriak egitea. Benetako arazoa duk halako gertaerak eta denon sexismoa sortzen eta iraun arazten dituen gizarte eredu sexista.

Errudun sentitu behar diagu gizonok geure sexismoagatik? Ez, noski! Gutako inor ez zuan sexista ez matxista jaio. Gizarte sexistak gogor baldintzatu gaitik, bai, bere gizon eredu nagusia gure egin dezagun.

Ez gaituk gure sexismoaren errudunak, baina geure jokaeren eta jarreren erantzunkizun osoa diagu. Geure erantzunkizuna duk barneratu dugun sexismoa ezabatzea geure baitatik eta gizarte osotik ere, denon onerako.

Gero eta gizon gehiago ohartu gaituk sexismoak guri ere bizitza izorratzen digula, nahiz eta erraztasun batzuk ematen dizkigun. Seguraski, heu ere ohartu haiz horretaz.

Orain arte nahiko isilik egon gaituk baina iritsi duk garaia aurrera pausoak egiteko, elkarrekin bilduz norbere sexismoa ezabatzeari ekiteko, matxismoaren erasoak geldi arazten engaiatzeko, pertsona guztiok, gizon zein emakume, berdintasunean, elkartasunean biziko garen gizarte eredu berria eraikitzeko.

Bide honetan, datorren larunbat 11n, GIZON EKIMENA antolatu diagu Santurtzin indarkeria matxistaren aurka eta berdintasunaren alde. Goizeko 11etan GIZON BILTZARRA egingo diagu Udal Euskaltegian, indarkeriaz, matxismoaz,... bizipenak trukatu, eta geure eginkizunaz lakra hau akabatzeko gogoetatzeko. Gero, 13etan, GIZONON KALE AGERPENA egingo diagu, Santurtziko Parke Nagusiko oinezkoentzako gunean. 

Gonbidatuta hago etortzen eta informazioa zabaltzen, noski. Etorriko bahintz poz handia hartuko nikek, etaseguraski hiretzat ere onuragarria izango duk.

Ez etsi gizona, elkartu eta ekin!

Comments

]]>
Wed, 08 Oct 2008 22:07:05 +0100
Gizonak Futbolean http://gizon.nireblog.com/post/2008/05/22/gizonak-futbolean http://gizon.nireblog.com/post/2008/05/22/gizonak-futbolean Aupa gizona!

Atzokoan Championseko finala izan zuan Moskun, ziur badakiala, inor gutxik ez zian jakingo. Ez nauk oso futbolzalea, eta ez nian lehenago pentterry_negarrezsatu blog honetan futbolaren kariaz idatziko nuenik, baina atzo bestela ikusi nitian partida horren hainbat une, sexismoaz eta maskulinitateaz hain zuzen ere, eta hirekin konpartitu nahi diat.

Hasteko bat, ez diat uste txiripaz denik kirol honetako elitea gizonezkoa izatea soilik. Izan ere, gladiadore berriak dirudite futbolariek, heroi berriak. Futbolean oso ondo islatzen dituk maskulinitatearen eredu hegemonikoak gizonezkooi esleitzen dizkigun rol eta espektatibak: borroka, ahalegina, indarra, irabazteko grina,... eta noski, lehia, batik bat lehia.

Baina, gizonak gizakiak garenez, gizatasuna agertzen duk beti zirrikituren batetik, estereotipo guztietatik ihesi, eta halako zertzelada batzuk ikusi nitian atzokoan, nahiz eta partida osoa ez ikusi.

Alde babetik, futbolean lehia agertu arren bere gordinean, taldekoitasuna ere azaltzen duk hainbatetan, eta horrelaxe iruditu zitzaidaan atzokoan ere, penalti-txandari hasiera eman behar ziotela talde bakoitzeko jokalariak bat eginda elkarri eusten ziotela ikusita, elkar besarkaturik. Gutxitan onartzen zigutek gizonoi (baita geronek geure buruari ere) halako hurbiltasuna elkarri erakusterik. Gainera, aipatu besarkaldi hau, nire ustez, ezberdina izan zuan irabazita gero Manchesterrekoen besarkada eta algaren aldean; lehenagoko hortan, arduraren aurrean, ziurtasun gabeziaren aurrean, finean, beldurraren aurrean, gizonak elkar harturik zeudean. Ederra eta hunkigarria iruditu zitzaidaan, zinez.

Beren egitekoa egindakoan, penalti jaurtilarien aurpegiak ere ikustekoak izan zituan. Gola lortu zutenenetan poza, baina baita ere lasaitu ederra hartua zutela, tentsioa ere ikaragarria izana zuela ordurarte. "Gizon onak" behar duen gisara, ordurarte disimuluan noski.

Penaltia huts egiten zuten hirutik biren irudiak izan zituan niretzat bereziki hunkigarriak. Bata, Ronaldorena, kostata itzuli baitzen haren kideengana kale eginda gero, eta bere taldeak garaitu eta geroko bere erreakzioa bitxia izan baitzuen oso: taldekide guztiak atezaina besarkatzera ohiu eta algaraka zihoazela, bera lurrean erorita, negar eta dardar batean, hutsegitetik ordurarteko tentsio izugarriaren erakusgarri gordina. Bestea, Chelseako Terry, halako "gizon" itxuraduna bera, bere taldeari garaipena emango zion penaltia kale eginda gero, lurrean eserita, hanka bilduak besarkaturik, bihotza erditurik, negarrez...

Aukera gutxi ematen zizkigutek gizonoi geure emozioak agertu eta askatu ditzagun, soilik "halako" egoera "garrantzitsuetan". Hori tamala denontzat. Bestelako munduan biziko ginateke eta...

Lehia eskaintzen zigutek geuretzako tokia lor dezagun bide, baina bakan batzuek helburua erdiets dezaten gehienek porrotaren min garratza dastatu behar. Eta lortu duena ere ezin luze gozatu lorpenaz, hurrengoan galduko ote duen beldurrez. Tamala hori ere denontzat. Bestelako munduan biziko ginateke eta...

Egun batean, ordea, ziur nauk, gizonok elkarren aurka lehiatzeari utzi zioagu, elkarren kontra borrokatzeari utziko zioagu; orduan, elkar hartu eta elkartasunez ibilera ederrari hasiera emango zioagu. Mundua hobea izango duk orduan, den-denontzat.

Comments

]]>
Thu, 22 May 2008 16:44:47 +0100
Maskulinitateari buruzko lantegia Bilbon http://gizon.nireblog.com/post/2008/05/21/maskulinitateari-buruzko-lantegia-bilbon http://gizon.nireblog.com/post/2008/05/21/maskulinitateari-buruzko-lantegia-bilbon Aupa gizona!

lantegia_bidartenHilaren 13an Bilboko Bidarte Udaltegian, "Maskulinitatea, egun eta hemen" lantegia dinamizatu egin nian, Idatzi-Irakurri Elkarteak antolatua. Giro atsegina, parte hartzea polita eta gogotsua, elkarrekiko begirunea,... pozik irten ninduan. Hirekin konpartituko ditiat hangoak, nahi baduk.

Ia bi orduz jardun gintuan maskulinitatearen inguruan bildutako 25 pertsonok (kopuru polita, areago 8 gizonezko izanik). Hasteko, partaideok norbere burua aurkezteko tartetxo bana hartu ondoren, ariketatxo bat egin genian: "benetako gizona" edo "gizon maskulinoa" esamoldeek zer zekarkieten burura berehalakoan, pentsatzeko astirik gabe. Maskulinitatearen iguruko topikoak agertzen hasi zituan noski: bortizkeria, kontrola, gogorkeria, nagusikeria,... espero nuena, hain zuzen. Honekin batera, maiz agertuagatik ere, beti harritzen nauen zerbait: gizon eta emakumezkoen arteko ezberdintasuna. Izugarri errotutako ustea duk hau. Noski, neuk ere bazakiat hainbat ezberdintasun duadena gizon eta makimeen artean, baina benetan harritzen nauena duk zein garrantzi handia ematen zaien ezberdintasunei eta zein gutxi berdintasunei, hauek askoz ere gehiago eta garrantzitsuagoak diren arren. Sexismoaren sustrai sakonak agerian.

Neure asmoa ariketa honetaz zuan, ordea, ikusaraztea maskulinitatearen irudi bakarra edo nahikoa homogeneoa badugu ere, maskulinitate asko direla hemen eta besteetan, maskulinitatea -edozein gizarte eraikuntza, bestalde- guztiz dinamikoa dela, eta ezberdina tokian-tokian eta garaian-garaian.

Hori argi utzita, maskulinitate egungo eredu hegemonikoak gizonoi ere kalte ekartzen digula azaltzea izan zuan. Eredu honek izugarrizko presioa ezartzen digula, bizimodu eskasa ematen digula, hainbat sasi-pribilegio (uko egin behar dieguna, jakina) ematen dizkigun arren, eta haretik askatu behar dugula gizonok, ondo biziko bagara norbere buruarekin, emakumeekin eta haurrekin. Neure ustez gizonon zapalkuntzaren gakoa dena azpimarratu ere egin niean, alegia, emozio-zikiratzea, berau da-eta jokabide oker eta desegoki askoren iturria.

Amaitzeko, gizon taldeetan egiten dugunaren berri eman niean gainetik, asti eskasiagatik, eta batez ere, gizonon arteko konfiantza, laguntasuna, konpromisoa,... lantzen ditugula, txiki-txikitatik gorderik dauzkagun gauzei begiratzeko piskanaka, eta bidaltzeko; baita ere, gogoeta egiteko eta pentsatzeko sexismoaz, gizon izateaz, askapenaz,... bizitzaz.

Horrela eman genioan amaia jardunari. Gero, emkume batzuk hurbildu zitzaikidaan adore emateko jarrai dezagun bide honetatik (garbi ohartzen nauk halakoetan emakumeentzat oso garrantzitsua dela gizonok ezarri diguten eredutik askatzea, eta itxaropen handia dutela gugan), eta bi gizon ere interasatu zituan gizon-taldeez eta. Zoragarria!!

Bueno, uste diat dexente islatzen duela honek Deustuan bizi izandakoa pasa den asteartean. Nigan dauzkat oraindik bizi izan nituen abegikortasuna eta gozotasuna.

Eta hiri, gizon, bururatzen bazaik hire herrian antolatu nahi duala halako jarduera bat eta gonbidatu nahi nauala, aurrera! prest eta gogotsu naukak eta.

Laster arte.

Comments

]]>
Wed, 21 May 2008 10:27:18 +0100
Harreman Onen Alde http://gizon.nireblog.com/post/2008/03/14/harreman-onen-alde http://gizon.nireblog.com/post/2008/03/14/harreman-onen-alde Aupa gizona!

Ez diagu egunik tratu txarrei buruzko berririk gabe tamalez, eguneroko ogia diagu. Asko dituk bidegabekeria honi amaiera ematen saiatzen diren salaketak, ekimenak, aldarrikapenak, proposamenak,...

Maiz egin diat zalantza gai honi mass-mediatan ematen dioten tratamendua egokia ote den eta atarramendurik ematen oten duen. Sarritan iruditzen zaidak  ia soilik gizonen jokaera biolentoez eta atxiloketez  aritzeak mesede baino ez ote digun kalterik ekartzen indarkeria amaitzearen aldeko pertsonoi, zeren:

  • alde batetik, indartzen baitu gizon eredu bortitza, indarkeriazalea.laguntasuna1 Alegia, halako "gizonok halakoak gara izatez. Tamala da, baina halaxe da errealitatea, eta egin dezakegun bakarra da bortizkeria hori zelan edo halan kontrolatzea, muga onargarrietan eustea..." adierazten dik. Honako ideia, guztiz gezurrezkoa izateaz gain, erruduntasun handia sortzen dik gizonongan, biolentoak ei garelako nahitaez. Banagok honek eragin kaltegarri handia duela batez ere gizonezko gazteengan. Denok zakiagu zer garrantzitsua den gizon batentzat bere "gizon" oso agertzea,  batik bat nortasuna eraikitzen ari garen adinean.
  • Bestetik, indarkeriari maila "onargarrietan" eusten diogun gizonok arazo hau konpontzen engaia gaitezen zailtzen baitu, alegia, errazten baitu "beste inoren" (mala "onargarrietatik" irteten direnen, edo-eta bortizkeria pairatzen dutenen) arazotzat hartzea, eta ez gizon guztiona, gizon guztiok eredu maskulino indarkeriazaleaz hazi eta hezi gaituztela lausoturik.

Aste honetako BERRIA irakurtzean, berriz, pozez eta sorpresaz hartu diat Tratu Onen Aldeko Elkarteko kide Ainhoa Saizi eginiko elkarrizketa. Ideia zoragarria!! Eta bi gako interesgarri egin zaizkidak gehien bat: eraginkorragoa izan daitekeela tratu onen alde egitea tratu txarren aurka egitea  baino, bata, eta; biga, bai neskek eta bai mutilek txarto tratatzen dugula elkar.

Bueno, ba, gizona, eutsi goiari eta ondo bizi! Ondo trata dezagun hurkoa eta ondo trata gaitzaten saia. Merezi diagu-eta!

Comments

]]>
Fri, 14 Mar 2008 19:09:21 +0100
heuri, Emakume http://gizon.nireblog.com/post/2008/03/08/heuri-emakume http://gizon.nireblog.com/post/2008/03/08/heuri-emakume feminismoaBlog hau gizonezkoentzakoa bada ere, ezin pasatzen utzi gaurko eguna hiri, emakume deneri, gorazarrea egin barik; gorazarre sinbolikoa, egunero-egunero hi, zuek guztiak, errespeto osoz tratatzeko ahaleginez osotu nahi dudana.

 
 
 
 
 
Ia beti emankorra,
gutxi jasotzeko, baina.
Askotan eman dunanak
bortxa izan  din ordaina.
Ama, lagun, bizikide...
sarri neskame, alajaina!
Ikusi nahi haut hi haizen
legetxez: eder, liraina.
Ez haut gura arditurik
behar haudalako artzaina.
Goazen joan elkarrekin
ta elkarrekin jo gaina.

Haizena haizelako, etsi egin ez dunalako, eskerrik asko!

Comments

]]>
Sat, 08 Mar 2008 16:28:41 +0100
Gizonok balio gutxiagokotzat hartuta http://gizon.nireblog.com/post/2008/03/07/gizonok-balio-gutxiagokotzat-hartuta http://gizon.nireblog.com/post/2008/03/07/gizonok-balio-gutxiagokotzat-hartuta Aupa gizona!

Gaurkoan irakurri berri diat hemen nahiz eta egunero-egunero eta hainbat eratan irakurri dezakegun. Sarraski berria gertatu duk Iraken: 55 hildako eta 130 zauritu, haien artean "emakumezkoak eta haurrak".

"Emakumezko eta haurrak" nabarmentze horrek argi islatzen dik gizarte sexista honetan hain zabaldua den ustea, hain zabaldua ezen erreperatu ere egiten ez diogun ia. Hau duk, emakumezkoak eta haurrak hiltzea, edo zauritzea, edo sofritzea, edo..., larriagoa, penagarriagoa, deitoragarriagoa dela gizkonezkooi halakorik gertatzea baino. Honen adibide ugari aurki dezakegu nonahi, "emakumezkoak eta haurrak lehenen" naufragioetako hura, edo lanpostu hilgarrienak gizonok hartzea, esaterako.

Gizarte sexismo honek beste hainbat zapalkuntzarekin duen aldeetako bat duk hau. Esaterako, aberatsei, oro har, ez litzaieke bururatuko beren bizia sakrifikatu haien jende xehea bizi ahal dadin; ezta zuri arrazistei ere beltzak salba daitezen; alegia, zapaltzaile rola jokatzen duten taldekideek ez ditek euren burua sakrifikatzen zapaldu rola esleitu zaienen alde. Gizonok, ordea, ikasi egin diagu txiki-txikitatik gizontasunaren alde bat dela gutarren (gehientsuenetan, haur eta emakumeen) alde sakrifikatu beharra dugula, horixe dela gizon egokia izateko betebeharreko bat.

Jakina, horren azpian beste balore batzuk bazaudek, eta nolabaiteko nagusikeria ere susmatzen diat tartean,  paternalismoaren oinarrian susmatzen dudan berbera (gizonok "gogorragoak" garela emakumezkoak eta haurrak baino eta, gainera, hori "ona" dela). Hala eta guztiz ere, horrek ez dik ukatzen edo gutxitzen hain zabalduta dagoen ideia honek, gizonok balio gutxiagokoak garela nonbait, min egiten digula. Beraz, gizarte ez sexista eta parekidetasunezkoa eraiki bidean, baztertu eta ezabatu behar dugun ideia duk.

Hartzak besarkada handia eta laster arte!

Comments

]]>
Fri, 07 Mar 2008 08:12:01 +0100
baztertzea ez da bidea http://gizon.nireblog.com/post/2008/01/29/baztertzea-ez-da-bidea http://gizon.nireblog.com/post/2008/01/29/baztertzea-ez-da-bidea Aupa gizona!

Aurreko asteko XIRIKAn (GARA egunkariak gazte jendearentzat asteazkenetan ekartzen duen gehigarria) irakurri nitian Bilgune Feministako kide baten adierazpenak pasa den astean Iruñean bikotekideak eraildako emakumearen haritik. Funtsean, esan zian emakumeen aurkazigorrako biolentzia ez dela soilik etorkinen multzoan gertatzen den zerbait, klase guztietan eta adin guztietakoa baizik; erakundeek egiten dutena ere salatu zian, erasoa gertatu ostean ekiten dutela gehienetan, baina prebentziorako mekanismoak lehenetsi behar zirela, hezkuntzakoak batik bat; eta gizarte kontu bat dela, eta ez norbanako batzuena, beraz, gizarteak engaiatu behar duela arazo honetan, eta horrek esan nahi dik gizarteak "erasotzaileak" baztertu behar dituela. Bilgune Feministako kideak esandako gehien-gehienarekin bat natorrek; bazterketarekin ezin, ordea.

Zergatik ez natorrek bat, bada? hainbat arrazoirengatik. Zerrenda ditzadan:

  • Eraginkortasunagatik. Arazo sozial baten aurrean egonda "txarto" (zelanbait esatearren) dabiltzanak baztertzeak ez duelako ezer ere konpontzen, alde batetik, ez dik jokaera biolentoa berriro agertzeko aukera deusezten (ez "erasotzaile horrena, ezta etorriko bide direnak ere), areago, banagok honela indartu egiten duela erasotzailearen jarrera, normalean erasotuta sentitzen denean pertsona batek autodefentsara jotzen duelako, "itxi" egiten duk berean. Errepresioak ez dik inoiz arazo bat konpondu, ezta konponduko ere. Berrintegrazioak emaitza hobeak ekarriko dituelakoan nagok.
  • Gizabideagatik. Zeren bortizkeria gizonoi ezarri diguten zerbait baita, sozializazio jakin baten ondorio deitoragarria, eta ez aukera librea (noski, gizon bakoitzak beraren sozializazio prozesua izan dik, eta iritsi den tokira iritsi duk, horrexegatik jokamoldeen bortizkeria ez duk maila berekoa gizon guztiengan). Beraz, ez duk gizon "erasotzailea" errudundu behar, baizik sozializazio mota hori salatu eta eraldatu. Honek guztiak, ordea, ez dik justifikatzen joakera bortitza ezelan ere, ezta ukatzen nork bere egintzen gainean duen erantzunkizun pittinik ere. Baina kontu ezberdinak dituk erantzunkizuna eta errua. Hurrengo batean luzeago, eta espero diat garbiago ere, jorratuko diat gai mamitsu eta zail hau, jakin bazakiat-eta eztabaidatsua dela kontua.
  • Bestetik, indarkeriari buruzko nahasmena sortzen duelako, neure iritzian. Izan ere, nor duk "erasotzailea"? "eraso" bat gauzatzen duena, bi gauzatzen dituena? Noiztik eta noiz arte duk gizon bat "erasotzailea"? Zalantza asko sortzen zaidak honetaz guztiaz, bide arriskutsua zeritzodak etiketak jartzeari. Gainera, indarkeria matxistaren arazoa eraso fisiko nolabaitekoa egiten duten gizonengan kokatzen dik eta, honela, errazten dik gainerako gizonok, bortizkeria erabili ez baina geure baitan kutsatuta gaudenok (gizarte sexistak gizon oro kutsatu baikatu indarkeriaz), arazo soziala dena soilik pertsona batzuen arazotzat hartzea. Indarkeriari benetako amaiera emateko beharrezkoa duk gizon guztiok "birus" hau geure barrenetatik ezabatzea, hau duk, geure barrukoak lantzea, irakatsi digutena desikastea, eta denok geure arazotzat hartzea.

Indarkeria maskulinoa, sexista edo matxista gehiagotan jorratuko dudan gai duk, noski. Alde batetik, egunero-egunero present egoten delako geure bizitzan; bestetik, izugarri larria delako gaitz sozial hau, eta emakumezkoek merezi eta behar dutelako ezelako indarkeriarik gabe bizitzea; azkenik, bide zehatzak asmatu behar ditugulako lehenbailehen geldiarazteko indarkeria matxista.

Besterik gabe oraingoz ba, gizona. Eutsi goriari eta ondo bizi, merezi duk-eta

Comments

]]>
Tue, 29 Jan 2008 10:34:39 +0100
Gizon Biltzarra Santurtzin http://gizon.nireblog.com/post/2007/11/26/gizon-biltzarra-santurtzin http://gizon.nireblog.com/post/2007/11/26/gizon-biltzarra-santurtzin

Aupa gizon hori!

Bada, bai. Atzo gizon bilera egin genian Santurtzin. Lehendabiziko bilera.

Zortzi gizon elkartu gintuan eta, egitarauak zioen lez, sexismoaz, matxismoaz, indarkeriaz eta hauek amaiarazteko egin ahal/nahi dugunaz jardun genian. Giro ederrean gainera. Zoragarria!!

Hasi gintuan nork bere burua aurkezten, noski: nor ginen, zerk erakarri gintuen bilerara eta egun horretan izandako atsegingarriren bat aipatzen. Gero, berotzen hasteko, ariketatxo bat: nork bere sozializazioan izan duen gizontasun eredua deskribatzea hitz edo esaldi batez, eta gero hitz edo esaldi hori azaltzea. Polita izan zuan nork bere ñabardurak agertzea barneraturiko gizontasun moldeaz, baita ere, ñabardura horien azpian gizontasun eredu oso eta nahikoa komuna agertzen zela, lehiari, gogorra eta indartsua izateari, autoritateareari, denaren ardura hartzeari,... lotuta

Hortik, sexismoaz, matxismoaz, nork bere bizipenetan oinarriturik egindako gogoetak elkarri azaltzera pasa gintuan. Nabarmena izan zuan oso denon zintzotasuna sexismoak ekarri dizkigun batzuk plazaratzean, bizi izandakoak agertzean, oraindik ditugun zailtasunak aitortzean. Oso hunkigarria izan zuan, niretzat behintzat, "maitasuna" bezalako hitz gizon ezpainetan oso ez-ohikoak entzutea, bi gizonek haien artean gertaturiko jazoera bat gogora ekarri eta elkarrez berba apainak, sentimenduz beteak, bihotzetik jalgiak aditzea,... Eta dibertigarria oso, txantxak, txisteak, pasadizo kontakizunak,...

Indarkeriaz ere aritu gintuan gero. Bizi, ikusi, pairatu izan ditugun batzuk; izan ditugun erreferenteak eta ereduak; sistema kapitalistaren indarkeriaren erabilpena eta gorespen etengabea,... Biktimismorik gabe, baina direnak aitorturik.

Irtenbideez ere jardun genian. Ez genian irtenbide magikorik aurkitu, noski. Epe ertain-luzeko bideak, kapitalismoa desagertarazi beharra, hezkuntzaren garrantzia, gizonentzako bestelako eredu gizatiarragoak aurkeztea, gizonekin lan egitea, salaketaren eta inpunitatea amaitu beharrak... Laburtxoa ere aritu gintuan kasu konkretoetan berehala parte hartzeari buruz, horrek dakartzan arriskuez eta onurez,... baina erlojuak bilerari jarritako amai epea pasatua zela abisatzen zebilean ordurako.

Azkenerako, biltzen jarraituko genuela, luzeago berba egingo genuela,... eta agur goxoa, bileran atsegin izandako zerbait azalduta.

Benetan merezi izan dik. Hurrengoan gehiago eta hobeto, ahal diagu-eta.

Besarkada eta laster arte.

 

Comments

]]>
Mon, 26 Nov 2007 21:57:49 +0100
Indarkeria matxistaren aurka http://gizon.nireblog.com/post/2007/11/22/indarkeria-matxistaren-aurka http://gizon.nireblog.com/post/2007/11/22/indarkeria-matxistaren-aurka

indarkeria_matxistaAupa gizon hori!

Azken boladan bloga dexente utzia izan diat. Lanpetuta ibili nauk eta ezin eskaini denborarik honi. Ea aurrerantzean ez den holan gertatzen.

Azaroaren 25ean Emakumeekiko Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango diagu. Badakigunez, emakumeek pairatzen duten bortizkeria matxista geure gizarte sexistaren ondoriorik kaltegarrienetakoa da. Izan ere, eraildako emakumeen kasua jarduera lazgarri honen ondoren ikusgarriena bada ere, egunero-egunero, ageriago edo gordeago, etengabe gertatzen duk erasokeria hau.

Jakina ere baduk gizonak izaten garela bortxakeria etengabe honen eragileak, gizarte sexistak esleituriko rol zapaltzaileak geure eginik. Egia izanik ere gizon guztiok ez dugula erabiltzen bortizkeria matxista neurri berean eta gehienok ez garela heltzen bortizkeria fisiko gordinera, egia ukaezina ere baduk gizon guztiok zer ikusirik dugula afera honetan. Den-denok sartua diagu-eta matxismoa muinetaraino. Den-denon gaituk-eta indarkeria matxistaren birusak zelan edo halan kutsaturik. Den-denok diagu zer eginik.

Gizonon ardura ere baduk, beraz, emakumeek jasaten duten bidegabekeriari amaiera ematen parte hartzea. Gizonok sexismoa, genero-desberdinkeria nahiz bazterkeria, matxismoa akabatze lanean emakumeen aliatu zuzen eta zintzoak izan behar dugu. Aliatu izate honek, zintzoa izango bada, ez dik paternalismo kutsurik izango, noski. Gizonok ez diagu ordezkatuko emakumeen eginkizuna borroka honetan; ez zieagu eurei dagokien lana “andra koitaduei” egingo, inola ere ez. Emakumeek garbi eta aspaldi erakutsia ditek gauza direla oso beren bizitza, beren askapena euren esku hartzeko. Gizonok geure lana diagu: barneraturiko matxismoa guztiz garbitzea nork bere baitatik, eta jarrera nahiz jokaera sexista oro (norberarenari edo-eta besterenari) geldiaraztea, emakumeak apoiatzearekin batera.

Parekidetasunaren aldeko eta sexismoaren aurkako borroka honek onura besterik ez ziguk ekarriko gizonoi. Alde batetik, sexismorik gabeko gizarte parekidean, ezarri diguten maskulinitate eredu bakar, hertsi eta zapaltzailea behingoz bazter utzirik, geure benetako izanarekin, geure gizatasun osoarekin lotu ahalko gaituk berriro; bestetik, emakumeekin (baita umeekin eta gainontzeko gizon guztiekin ere) harreman sano, eta denontzat aberasgarriak eraiki ahalko ditiagu. Inolako zapalketarik gabeko gizarte kidetasunezkorantz urrats erabakigarria izango duk.

Bide honetan, urrats polita egingo diagu hilaren 25ean Santurtzin. Han, goizeko 11'30etan, udal euskaltegian gizon bilkura egingo diagu, matxismoaz, gizontasun ez-zapaltzaileaz, indarkeria matxistaz eta honekiko geure eginkizunaz gogoeta egiteko, anaitasunean. Guztiz ondo hartuko haugu gizona, hator!

Comments

]]>
Thu, 22 Nov 2007 13:38:01 +0100
Maskulinotasunaz nazioarteko biltzarra http://gizon.nireblog.com/post/2007/09/11/maskulinotasunaz-nazioarteko-biltzarra http://gizon.nireblog.com/post/2007/09/11/maskulinotasunaz-nazioarteko-biltzarra Aupa gizona!

Hasteko anaitasunezko besarkada goxoa. Gizonok, geure gizatasunaren zeharo jabe berriro izateko bidean berreskuratu behar dugun (edo, hobeto esanda, berreskuratzea komeni litzaigukeen) beste gauzatxo bat elkarrekiko afektibitatea eta goxotasuna diagu; izan ere, ez duk inola ere txarra ez ezeren "susmagarria" ere, maitasuna sentitu eta agertzea. Alderantziz, maitasuna sentitu eta agertzeak hobeto bizitzen lagunduko ziguk.

gizon_langile_aitaBerri bat ekarri diat gaurkoan: Emakumenderen atal Sare-k azarorako antolatu duen Nazioarteko Biltzarra, “Maskulinotasuna eta Eguneroko Bizitza” .

Egia esan ez nauk halako topaketa handien zaleegia. Iruditzen zaidak elite batzuentzat (tekniko, funtzionario, psikoteraupeta eta abarrekoentzat) daudela eginda, instituzionalegiak direla, gizonon (kasuon) benetako errealitatea urruti xamar daudela, aldaketa estrukturalak eragiteko baina mass-medietan agertzekoak,... (beste batean jardungo nauk sexismoaren aurkako gizon mugimendu sozial zabala eraikieraz ditudan ideiez-eta). Baina, bestetik, gizarte sexismoak gizonoi ere eragiten digun ideia hain da ezezaguna, zeren ia edozein ekimen den egun txalotzekoa. Hala eta guzti ere, bego garbi neuk beste zerbaitzuetan xahutuko nituzkeela horretan xahutzekoak diren baliabideak.

Edozelan ere,helbide honetan duk argibide gehiago ekimen honi buruz.

Hurrengora arte, gizon, eta ondo bizi, merezi duk-eta.

Comments

]]>
Tue, 11 Sep 2007 17:15:29 +0100
gizonok mina sentitzen al dugu? http://gizon.nireblog.com/post/2007/09/10/gizonok-mina-sentitzen-al-dugu http://gizon.nireblog.com/post/2007/09/10/gizonok-mina-sentitzen-al-dugu Aupa gizon hori!

Aurrekoan esan nian sexismoak zapalduta gaudela gizonok ere, gizonezko izateagatik berezko tratu txar sistematikoa hartzen diagu eta. Neure zenbait uste piskat gehiago azaldu nahi diat oraingo honetan, bizipen pertsonal pare baten laguntzaz.

Sexismoa pertsonei rolak, ezaugarriak, espektatibak, usteak, jokaguneak... beren sexuaren arabera ezartzean datzala uste diat, alegia, pertsonen artean, sexuaren arabera, funtsezko ezberdintasunak daudela sinets araztean. Horietako uste bat duk gizonok ez dugula sentitzen emakumezkoek bezainbeste, hau duk, sentigaitzagoak, gogorragoak garenegarrez1la. Gizonok ez dugula sentitu behar, ematen zigutek aditzera artez edo moldez; sentitzen badugu (sentitu egiten diagu eta!) ez diagu sentikizuna adierazi behar ("ez egin negar", "ez egin dar-dar",...); eta sentikuzinik adieraziko bagenu, trakets, makal egin behar, eta ahalik eta laburren, noski. Badakik zer ekarriko dian horri ez jarraitzeak, gainera: irrigarri utziko haute, umiliatuko, jipoituko, mesprezatuko, baztertuko,...(oraindik diat gogoan txikitan "benetako gizon" izateko ezarritako bidean ibiltzen ez ziren lagun batzuekin zelako jokaera zapaltzailea izan genuen lagunartean, zelango iseka, irain eta bazterketa ezarri genizkien. Ez diat neure burua, ez besteena ere, erruduntzen -horretarako lehenago prestatuak gintiztean hainbat moduz-, baina oraindik txarto sentitzen nauk horiek gogora ekartzean). Halako mezuak eta halako mehatxuak jaso ditiagu etengabe txiki-txikitatik inguruko gizonetatik, familiatik, lagunartetik, telebistatik, ipuinetatik,... nonahitik. Horrela, ereduetatik kopiatuz eta mehatxuez beldurtuz, barneratu eta geure egin ditiagu irizpideok, geure benetako izaera halakoxea dela sinisteraino ere (gizon bakoitzak bere inguruak ezarritako mailan, noski).

Batzuetan gogora etortzen zaidak txikitako pasadizo bat. Behin, lau bat urte nituela, kalean korrikan nenbilela, lurrera erori eta zauria egin nian belaun batean. Odoletan nengoan eta etxera joan ninduan. Han aita zegoan, eta honelaxe esan nioan, harro:"Beitu aita, eta ez diat negarrik egin". Lau urterekin banian oso argi zelako gizona izan behar nuen ingurukoen onespena hartzeko (eta ez gaitezen engaina: taldekoiak gaituk gizakiok, taldean onartuak sentitzea oso garrantzitsutzat hartzen diagu).

Pasa den astean, beste gertaera batek erakutsi zidaan sentikizunekiko joera hau ("ez sentitu, ez adierazi") noraino dudan errotuta: Mamarigako jaietako marmitako txalpeketarako prestatze lanetan estropozu eta zauri itsusia egin nian hankan (goizeko 10'30ak zituan, eta ez alkohol ez bestelako drogarik hartu gabe nengoan, ez pentsa Wink). Zauria ikusita halako ikara etorri zitzaidaan, mina ere bai noski. Hala ere, hotz-hotzik (hobeto esanda, disimuluan) jardun nian, barruko sentimendu horiek guztiak erakutsi gabe, garrantziarik eman nahi barik edo (nahiz eta aurpegia zurbildurik ei nian, noski). Larrialdietara joan, eta han ere plantak egiten, laguna bidali eta bakarrik geratu ninduan. Sendakuntza mingarria izan zuan, jakina: zauria garbitu eta desinfektatu, haragia bere tokira ekartzeko tiratu, hamar jospuntu. Hasieran erizainei zera esan nien: ez dizue inportako kexu egiten badut, ezta? Edozelan ere, txintik ere ez zidaten atera beren "torturez". Izugarri zaila egiten zaidak halako sentikizunak adieraztea, batez ere, ustezko zaurgarritasuna, ahulezia, sentiberatasuna, alegia, eman didaten gizontasun ereduari ustez ez dagozkion hunkidurak. Ez nauk honela jokatzen duen gizon bakarra edo arraro samarra, ez duk uste?

Honetan ere zer egin handia bezain ederra diagu gizonok: sentitzen duguna onartu, adierazi, barrutik askatu. Hauxe duk bide garrantzitsua geure burua berrezagutzeko, berradiskidetzeko, hobeto bizitzeko, geure ingurukoak hobeto bizi daitezen laguntzeko. Sentitzen dugunarekin lotzen berrikasteko jardun honetan, gizonok elkartzeak, elkarri arreta, onespen eta apoioa emateak, gune ziurrak -non inork ez duen kidea gaitzetsiko, gutxietsiko, umiliatuko, erasotuko- eraikitzeak aparteko inportantzia hartzen dik; izan ere, ulergarria denez, beldurra ematen ziguk barruan urte askotan gorde dugunari ateak bat-batean zabaltzeak eta barnera begiratzeak; beraz, ziurtasuna duk beldur horren aurkako antidorik onena.

Besarkada goxoa eta hurrengora arte

Comments

]]>
Mon, 10 Sep 2007 14:23:11 +0100